Pasahitza (zaharra)

Zigortzea

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2018ko irailaren 27a

Eraso baten ostean, erasotzailearentzat zigorra ozenki eta bero-bero eskatzen dutenek beti sentiarazi naute deseroso. “Kartzelan usteldu dadila”, “nik harrapatuko banu... orduan bai, gorriak eta bi ikusiko zituen!”... Nolanahiko injustiziaz ari garela, indarkeriaz jokatu duena indarkeriaz suntsitu nahi duenik ez da falta.

Nire asmoa gaur ez da berbaldi moralista bat botatzea, ezta pazifista ere. Ez diot inori errieta izugarririk egingo. Baina zigorren ezarpenak eta hauen inguruko erronka eta eztabaidetako batzuei heldu nahiko nieke. Azaletik eta nire gogoeta pertsonalerako bada ere.

Zertarako zigortu? Sistema honen erantzuna ez da gogobetegarria izaten, ez du kaltea erreparatzen eta ez ditu biktimak euren jitetik libratzen. Zergatik zigortu? Erasotzaile baten sistema penal patriarkalaren bidezko espetxe-zigorrak ordaintzen al du gizarte eta biktimekiko zorra? Kriminalen eta kriminalizatuen sufrimenduak asetuko al gaitu?

Eraso baten ostean, erasotzailearentzat zigorra eskatu ordez gaiaren sakontasunean urperatu nahiko nuke. Gaitzaren jugularra eriaz erakutsi eta eraso egin. Gure hezkuntza-sistemari eraso: gure sexualitatea adeitasunez arakatzen ez erakusteagatik, lehiakortasunean hezteagatik, frustrazioak kudeatzeko tresnak ez emateagatik. 'Lerdotzebide' masiboei eraso: sexismoa geure burmuinetan ezartzeagatik, doktrina patriarkalaz blaitutako albistegi eta fikzioen bidez. Sistema kapitalista zapaltzaileari: biolentzia, frustrazio eta desparekotasun guztien iturburu izateagatik.

Ez genuke morroi baten zigorra irrikatu beharko. Zertarako? Nagusiarekin, gerentearekin, mafiaburuarekin, kolonizatzailearekin, artzapezpikuarekin, honen guztiaren buruzagiarekin kontuak errendatzea baizik. Sistemaren bihotz bizigabea eskatu beharko genuke plazan, eta ez honen produktu hutsa den peoiaren hilotza.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!