Ikusiko zenuten dagoeneko, ezta? Manolo izeneko irakasle andaluziarrak bere ikasleei bidalitako oporraldirako etxerako lan berezien kontu hori. Nik hasieran ez nion kasu gehiegirik egin. Udan zenbat huskeria sentsazionalista sartzen dizkiguten albistegietan xorro-xorro, ene. Baina gaur korreoz eta whatsappez ere bidali didate zerrenda demonio hori. Eta irakurri egin dut.
Bada, kontu honek fenotipo hutsala badu ere, genotipo sakona duela uste dut. Hona ditxosozko lista, irakurri ez duenarentzat:
Eguna argitzen ikusi, mahai edo karta-joko berri bat jokatzen ikasi, 3 gelakideei mezu bat idatzi ala deitu, film bat familiartean ikusi, etxeko limoi-edaria prestatu eta edan, 40 minutuz izarrei begira egon, etxeko izozkiak atondu, landare bat zaindu, bildu berri duzun fruitu bat jan, gau batez oso berandu oheratu, igerilekura salto egin eta sekulako zipriztinak bota, hondartzan zein zelairen batean piknik bat antolatu, norberarentzat lepoko edo pultsera bat egin, su artifizialei so egin, museo edo erakusketa bat ikustatu, urez betetako puxikekin jolastu, ezagutzen ez duzun herri edo hiriren bat bisitatu, lainoei begira egon, lagun eta senideekin gozatu, dantzan zein jolasean aritu, kirola egin, zaindu zure burua, maitatu zeure burua, mozorrotu, oinutsik ibili, hondarrezko gaztelu bat eraiki, bizikletaz ala patinatzen bueltaxka bat eman, posta-txartel bat idatzi eta bialdu, hondartzan maskorren bat jaso, ez bota zaborrik lurrera, bi liburu eta komiki pare bat irakurri, errezeta berri bat ikasi, txirrista batean jostatu, zerbait berria egiten ikasi, fruta broxeta bat jan, barrez lehertu, egunero gutxienez hiru besarkada eman, harriak jaso eta margotu, liburutegira joan, norbaiti begietara begira maite duzula aitortu, kometa batekin jolasean aritu, etxeko bi ardura gutxienez hartu eta azkenik, bi lagun berri egin.
Uffa… Ikasgai teorikorik gabeko, baina irakaspen praktiko potoloz beteriko zerrenda Manolorena. Bere irakasle rola gainditu eta indar eragile bilakatu da. Edo bere irakasle rola era borobilean bete du, hobeto esanda. Zeregin txiki, ñimiñoez osaturiko lista hau edozeinek osa lezake bai. Zentzu horretan, ez du ezer berririk asmnatu zeru-azpi hontan Manolok. Baina beste askok lortuko ez dutena erdietsi du bere ikasle taldearekin: hauek erasoa jotzea. Kalera irtetea. Euren hitzak eta asmoak ekintzez eta probetxuz osatzea. Gauza garrantzitsuen adierazgailua kalibratzen lagunduko die haurrei, eta baita euren gurasoei ere. Zeharka. Eta niri ere, askori, espero ez zuen beste zeharkako bide batetik. Betebeharrez haratago, bete beharko genituzkeen nahi txikiak konplitzea gure eguneroko eskolako lanak beharko lukete izan. Bizipozaren mantenurako lanak. Gauza txikien handitasunaren demostrazio enpirikoa, Manoloren arauaren frogapena.
Nik aurrerapausoa emateko ezinbesteko bultzada jaso dut dagoeneko, eta nire lista propioa idatzi dut. Bai bai, benetan. Eta artikulu honen atzean puntuetako bat ezkutatzen da: altxorraren bilaketa jolas bat antolatzea. Zeinentzat? Ba zuentzat. Ostiral honetan (2018-7-6) goizean goiz altxorraren kokalekua azaltzen duen pista bat utziko dut Tolosako txokoren batean gordeta. Bai bai, benetan. Pista horren gordelekua honakoa da:
5:3
17:1
9:27
9:35
27:4
Muxu haundi bat eta zorte on.