Txikitatik ikasia dudana, kaleko iragarkiek ez garenaren irudia islatzen duten bitartean, ezin ahaztu: gure gorputza politikoa da. Nahita edo nahigabeko aldarri bat. Parean duzunak ikusten duena da, zarenaren laburpen baldartzat hartuko dutena, hitzik esan gabe asko adieraziko duena. Gizakien espektroan kokatuko gaituena da, kolorea eta formaren arabera. Apaintzeko eta estaltzeko dugun moduaren arabera. Garenaren puzzlearen zati bat izan ordez garena bilakatzeko arriskua duena. Gure alderdia.
Gure gorputza geure etxe-aurrea da. Fatxada aldakorra, baina fatxada nagusia. Espektatibak betetzen dituen paretez, konformismoz, ala erreboltaria den aurreaz jantzia. Jendeak zuregana gerturatzerakoan izango duen jarrera baldintzatzen duena. Jauregi, urbanizazio pribatu ala egurrezko txabola garen erabakiko dute. Sexualizatuko gaituzte, ala mezpretxatu, erruki izango dute edo goraipatuko gaituzte. Gorputza izateak, honen antzera epaitua izateko arriskua dakar eta.
Haragizko aingura habitatu bat izan da nire gorputza. Neure izate-eremua mugatu duen parentesia. Neure gainean pizten zen foku keinukaria, guztizko askatasuna ukatzen zidana. Hegan egiten hasi eta hanka lotua duela ikusten duen txoriaren antzera sentiarazten ninduena. Nerabea nintzela amak galdetu ohi zidan zergatik ez nintzen zuzen esertzen, edo tente ibiltzen. Orain dela gutxi arte ez dut jakin, ez nekien dordoken modura neure oskolaren barruan gordetzen nintzela. Hondartzara joatean so egingo zidatenaren beldurrez barrurantz biltzen nintzela, nire forma-akatsez ohartu eta helegitea jarriko zidaten beldurrez. Baina, orain badakit neure gorputzaren jabetza publikoa zela, eta ez pribatua.
Gure gorputza geurea da. Eta ez beste inorena. Hori argi daukat. Baina ala ere, ai, zeinen zaila egiten zaidan ezkutatzeko joera galtzea. Bada, besteen ahotan eta begietan nire gorputzari buruzko iritziak ikusten baditut...nola ez ostendu? Nola ahaztu fatxada hontan ikusten diren bala-zuloak? Oraingoz topatu dudan konponbide bakarra ez dago ahanzturan, kudeaketan baizik. Sortuko diren egoerak nigan duten eragina aztertu eta horren arabera jokatzea da nire irtenbidea. Baita nire ongizaterako beharrezkoak diren mugak jartzea, nire urbanizazioaren pribatutasuna bermatzeko. Eta begiraden pixua sentitzen dudanean ez nahastea: hauek duten eragina baita aingura, ez nire gorputza. Nire gorputza ontzi bat da, mundu hontako itsasoak nabigatzen laguntzen didan kide zintzoa. Udara hontan ez dut aingura jasoko, katea moztuko dut.