Izan ere, azken hauek badute zer ospatu: orain dela bi hilabete erleei kalte larria eragiten dieten hainbat intsektizida neonikotinoideren erabilerari muga zorrotza jartzeko proposamena onartu baitute Europar Batzordeko estatu kideek.
Neonikotinoideak 1990eko hamarkadatik izugarri zabaldu diren intsektizida multzo bat dira. Elikagaien Segurtasuneko Europar Agintaritzak (EFSA) aspaldi adierazi zuen neonikotinoideen erabileraren eta erleen desagerpenaren arteko lotura estua zela. Horren ondorioz, Europar Batzordeak sustantzia horietako hiruren (Syngentak sortzen duen tiametoxam, eta Bayerren imidacloprid eta klotianidina) erabilera zeharo mugatzeko proposamena egin zuen orain dela lau urte. Hauek aurtengo apirilean onartu dira azkenik eta urte amaieran indartuko dira. Ospatzekoa da, erleen kopuruaren beherakada oso nabarmena izan baita azken urteetan eta hau ingurumen arazo larria da, oso funtzio garrantzitsua betetzen baitute landareen ugalketan. Gure landare loredunen %90 bat eta mundu mailako kultibo nagusien %75 batek polinizatzaileekiko menpekotasuna du, erleak direlarik polinizazio lan hauen %80aren arduradun.
Dena den, hiru intsektizida hauen kontua izozmendiaren ageriko tontorra besterik ez da. Beste pestiziden erabileraz gain (asko eta asko oraindik baimenduak daude), monolaborantzaren praktika eredu erasokorrak izugarrizko kaltea egiten baitie. Izan ere erleen populazioaren jaitsiera drastikoaren arduradun nagusiak pestizidak eta habitat galera dira. Enpresa handiek eta kontsumo ereduak nekazari asko behartzen ditu produkzio eredu industrial eta intentsiboa aplikatzera, nekazari zein kontsumitzaileen interes eta beharrak kontutan hartu gabe. Are gutxiago biodibertsitatea eta erleen biziraupena. Kontsumitzaile moduan ere, zer jan nahi dugun erabakitzea ukatu edo gutxienez mugatu egiten zaigu, pestizidez tratatutako produktuak ekoizteak inguruko beste laboreak baldintzatzen baititu. Nekazari ekologikoei bereziki oztopatzen zaielarik euren ekoizpen eredua bermatzea.
Beraz, kontu hau ez da politikaren plano helezinetik soilik konpondu daitekeen horietakoa. Gehienetan bezala, guk ere badugu zeregina: gure kontsumoaren botereaz produkzioa baldintzatzea. Arrazoi ugari baitaude intsektizida hauei eta produkzio eredu erasokorrei ezetz esateko. Erleen biziraupena eta ingurumenaren errespetua bermatuko duten produktuen ekoizpena bultzatzeko geure landetan, gure plateretan zer jarria modu arduratsuz aukeratuz. Eta bide batez, mendira bueltaxka bat ematera zoaztenean erleren bat gerturatzen bazaizue...utzi gaixoa bakean.