Burmuinak dirakidala antzeman dut, likido zefalorrakideo guztia lurrun bilakatu den arte. Izan ere hezurrezko ekonomika martxan nuen dagoeneko, egur-ikatz nahikoa jaso baitu bestela ere: honek esandakoa, hark erantzundakoa, han ikusia, hemen entzuna eta norberak egindakoak pilatu zaizkio. Hori dela eta, azken aldian artikuluak neure ikerketa mikrosoziologikoen euskarri bilakatu direla dirudi. Testigantza aldagaitz betiere inperfektuak... Eguneroko kontu txikiez zer esan haundia dago eta!
Ildo beretik jarraituko dut gaur, zuen baimenarekin. Interakzionismo sinbolikoaz, gure arteko elkarrekintzek gure izakeraren eraketan duten eraginaz hitz eginez. Ez naiz sartuko lagun, senide, etsai edo maitaleekin ditugun eragin-trukeak aztertzera ordea. Sinpleagoak izan arren, erabakiorrak diren elkarreraginez arituko gara: kalean topatutako ezezagunekin, saltzaileekin, bezeroekin ditugunak. Hauen ondorioak tanto batek uretan sortzen dituen uhinak bezela zabaltzen baitira. Badakit ez dela kontzeptu berri bat, ez dudala inongo misteriorik agerian utziko. Alabaina, oroipengarritxo txiki bat zabaltzearekin konformatzen naiz: Supermerkatuko kutxazainari sagarren kodea sartu ezinean dabilela muturra okertu ordez irrifarretxo bat eskeini dezakeiogu. Dentistaren kontsultako itxarongelan luzaroan zai egon bazara, pentsa lanaldia luzatuko zaiola berari. Txakurrarekin bueltaxka bat ematera irten zarela eta honek ihes egin eta nireari koxk egin diola? Ezikusiarena egin ordez eskertuko nuke zure ardura, nik ez dizut koxk egingo lasai. Pazienteek ez dituzte zure iruzkin isekarien beharrik, ulertu ez duten azalpen sinple hori berriz errepikatzea besterik ez. Pentsa urduri daudela, eta ez dutela kontzeptu mediko hori zertan ezagutu. Probatu duzun jertse horren salneurria garestia dela uste baduzu ere, ez duzu zertan salmahai gainean arbuioz bota... Alde batetik bestera tipi-tapa arineketan noanean igarobidea oztopatzen badidate, lasai hartuko det. Zerbitzariak beranduago iritsi den horri kobratu badio guri baino lehen, ez gara marmarrean arituko. Zertarako?
Igortzen ditugun zeinu guzti horien bidez hartzaileari esangura jakina esleitzen diogu. Gure elkarrekintzaren bitartez balio sinboliko jakin bat egozten diogu. Jasotzaileak barneratuko duen balio sinbolikoa. Honek, geuk gure buruari hartzen diogun tankera alda dezake, eta balore negatiboa bada, azkeneko albiste atsekabegarrienak baino gehiago nahigabetu gaitzake. Eta zertarako? Biharrak atzo bilakatu aurretik, hobe dugu besteekin ditugun eragin-trukeak zaintzen hasi. Esker oneko irrifar arin batek desegin baitezake norbaiti aho ertzetik behera tira egiten dion karga astunaren pisua. Eta alderantziz.