Sarearen zehaztapen eta baldintzak gehiegi pentsatu gabe klik-klik onartzen dituenetarikoa. Baina garraio publikoaren erabiltzailea ere banaiz. Leiho ondoan esertzen saiatzen den horietakoa, irakurtzen joaten den horietakoa. Eta liburua ahaztuz gero, geldi egon ezin eta mobila ateratzen duenetariko pertsona arrunt bat.
Trenez betiko ibilbidea egiten hari nintzen atzo, sarean saltsan nenbilela. Tap-tap, klik eta klik. Bat batean, abisu bat atera zitzaidan: geure pribatutasun politikak berritzera goaz, aldaketak onartu nabigatzen jarraitu ahal izateko. Besteetan ez bezela, honetan, onartu aurretik baldintzak eta berritutako zehaztasun guztiak irakurtzen hasi eta Aliziaren erara, informazioaren untxi-zuloan behera erori nintzen. Aurpegi-igartze teknologiaren erabilera gure argazkiak bilatzeko, mobilaren pantailaren ze aldetan sakatzeko joera dugun erregistratzea, GPS lokalizazioa, gure bilaketen informazioaren bilketa, eta aplikazioaren esteka baten bitartez erosketaren bat eginez gero, zure kreditu txartelaren informazioa jasotzeko eskubidearen inguruan irakurtzen aritu nintzen ordu erdi luzez. Baina ez sare sozial horren sortzaileek erraztuta, inondik ere. Informazio osoa irakurri ahal izateko mila esteka sakatu behar ziren, zeinak letra txikiz idatziak zeuden "aurrera egin" zioen urdin bixi-bixi koloreko botoi baten azpian. Amarru horrek sutan jarri ninduen, antzeman nuen lehenengo aldia ez izan arren, eta itzuleran bere aurkako gurutzadari ekingo niola erabaki nuen.
Jokabide ezaguna omen da hau, Harry Brignullek 2010. urtean 'Patroi Iluna' bezela izendatu zuena: erabiltzaileei aurkezten zaizkien interfazeak dira, zeinak hauek iruzurtu eta hainbat gauza onartu ditzaten lortzeko diseinaturik dauden. Adibide argien bezela Booking orrialdean erosketak gauzatzea, pribatutasun politikak sakonki irakurtzen saiatzea edo norberaren Amazon kontua bertan behera uzteko eskaera azaltzen ziren nonahi. Bada lehenengo biak jasandakoa nintzenez, zergatik ez hirugarrenarekin saiatu... Gatz eta piperrik gabeko txistea da Amazonen zure kontua ezeztatzeko gainditu behar den ginkana. Ez dago amaren umerik lehenengoan asmatuko duenik, hori ziur! Tarte (luze) bat baduzue saiatu zaitezte, ea lortzen duzuen.
Ai, sarea! Ondo izendatu zuten, nahaspilatu eta harrapatzen baikaitu. Bertara sartu eta nabigatzen hastea erreza da, ahalegindu bertatik alde egiten arrastorik utzi gabe ordea. Beno, pentsatzen jarrita, ezin honekin asaldatu. Mundu birtualetik haratago 'patroi ilun' ugari antzeman daitezke eta: politikarien hitzaldietan, enpresen hitzarmenetan, administrazio-kontratuetan, bankuen dokumentuetan... Armiarma izanagatik ere, guk geuk ehundutako sareetatik libratu ezinean dabilen animalia traketsa gara gero.