Kale Kantoitik

Eder

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2018ko api. 12a, 12:13

Lerro hauek idazten ditudan bitartean bi begitxo dauzkat adi-adi begira. Hauen dizdira erregutzaileak islatzen du nire betzuloen sakonerak azaltzen duena: opor-osteko sindromearen sintomatologia klasikoa da hau, lagun.

Aste Santuan oso 'xantu' ibili ez eta berdin jarraitu nahi du honek, egun santu guztia kalean. Euria goian behean ari badu ere honi bost axola! Tira lasai, segituan goaz eta. Zer pentsatuko ote du? Beno, oraintxe zer pentsatzen duen argi daukat, ea behingoz kalera aterako dudan... baina bestela. Gogoan izango al du bere aurreko etxea? Bere izena Eder da eta bost urte dituela uste dugu. Tratu txarrak eman zizkion emakume hark ez baitzien berari buruzko informaziorik eman nahi izan salbatu zuten asoziaziokoei. Behin-behineko harrera egingo geniola uste genuen etxeko ataria zeharkatzen ari zela, baina sukaldera iristerako adopzioa zen jada aukera bakarra. Txakurtxo bat da Eder, eta etxeko kide berria dugu.

Gezurra badirudi ere, animalien tratu txarra eta abandonua arazo larria dira oraindik ere gure inguruan: 200.000 txakur inguru abandonatzen dira urtero Espainiako estatuan. Ezin dut burutik kendu Ederrek bere lehenengo oporrak etxean pasa dituen bitartean, beste hainbestek kalean pasa dituztela. Edo zortea izan badute, txakurtegi edo asoziazio baten gelaxka hotz batean. Munduko bidegabekeria gehienak bezela, ulertezina zait fenomeno hau. Beno, ez izan nire burua erabateko inozotzat, ulertzen dut drama honen atzean dauden arrazoi “objektiboak”: animalia oparia izan eta zaindu nahi ez, gehiegi hazi dela, lanerako zela eta zahartu dela, lanerako balio ez duela, emea haurdun geratu dela eta txikiekin zer egin jakin ez... Ulertzen dut. Edo ulertu baino, ezagutzen dut arrazoibidea. Ulertzen ez dudana, zuzengabekeria gehienetan faltan botatzen dudan faktorea da. Subjetiboagoa izan arren, oso pisutsua den emozio bat, enpatia.

Txakur, katu eta bestelako animalien adopzioa sustatzeko, euren eskubideak bermatzeko eta borroka horretan diharduten hainbat asoziazioentzat dirua biltzeko jaialdia ospatuko da igande hontan Lezoko Kireba zentruan. Txakur-ileapaindegi solidarioa, azoka txikia, pintxopotea, asozioazioen informazio standak, kilometro solidarioa eta abar izango dira bertan. Ederri begira, hemendik denoi gonbidapentza zabaltzeko betekizuna sentitu dut. Gu bertan izango gara goizeko hamarretatik arratsaldeko seiak bitartean. Eta denon artean bere egoeran dagoen beste bizidun bakar bat libratzea lortzen badugu ere ez da guxi izango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!