Ez ditu gertukoen whatsappak erantzun lanorduetan, ez ditu besteen emozioak muxu-truk kudeatu. Ez du ondoren ibuprofenorik hartu. Ez du “denborarik galdu” ilea otzandu nahian komunean, ez baita lanpostu berri hori lortzeko elkarrizketara joan. Ez diote galdetu beraz, ea ama izateko asmoa duen. Ala bikotekiderik duen.
Lili ez da erosketak egitera joan arratsaldean, ez ditu urdinak baina berrogeita hamar xentimo garestiagoak diren bizar-xafla larrosak erosi. Ez da etxera itzuli erositakoak uztera, eta ez ditu minutu extra batzuk pasa dena behar bezala uzten. Ez da ondorioz pintxopote eguneko hitzordura berandu iritsi. Ezta lehenago joan ere, etxekoentzat afaria denbora nahikoarekin prestatzeko asmoz. Ez du berogailua piztu besteak etxera iritsi aurretik. Ez ditu beste behin platerak garbitu afalostean, ez du mahaia jaso. Ez da leher eginda oheratu, ez du eguneko bigarren ibuprofenoa hartu.
Planto! Gaurko eguna Liliren agendan morez koloreztatua zegoen. Irikitzean honakoa irakurri du bertan: 'Akrobaziak egiten ditugu denbora aprobetxatzeko...denboraren akrobatak izateari utzi eta aritu gaitezen denborarekin dantza lotuan. “Gaur ez dut ezer egin” diogunean entzun dezagun gure ordularia: ez egitea ere, egitea dela baitio denborak'. Eta grebaren alde egin du. Kontabilizatzen ez zaizkion orduei balioa ematearen alde. Lantegiko eta handik kanpoko lanorduak baliostearen alde. Aniztasunaren alde, ugaltzeko eta eskubide sozialen alde, ardura eta zaintzak konpartitzearen aldeko hezkuntza eta heziketaren alde, diskriminazioaren aurka. Gaurkoan Lilik harremanen definizio etimologikoari egin dio aurre. Emeak ez du eman harrak hartu ohi duena. Ezer egin gabe, agerian utzi du asko egiten duela. Mundua gelditzeko gelditu da. Kalera irten da, 'denborarik galdu' gabe, eta beste ehundaka Liliekin bat udaberri berri bat iragarri dute. Gure kaleak loratu dira.