Burrunba

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2018ko ots. 4a, 09:44

Otsoak menditik jaisten direneko hilabetea iritsi da. Naturak nagiak ateratzen ditu: zelaiak berdatzen doaz, basoak esnatzen dira eta eguzki izpiek soroak xehe-xehe orrazteko tartea hartzen dute. Eguraldi nahasiak galdu gaitzakeen arren (otsaila firili faraila), neguburutik ekinokziorako bidean gara.

Izadia lokartu ez dadin, alarma-hotsa bilakatzen gara egun hauetan. Ituren eta Zubietako joaldunak irten dira dagoeneko, aurrelari-talde moduan, euren polunpak astinduz. Larunbatean berriz, kaldereroek lapiko eta pertzak mailuz joko dituzte. Ondoren Santa Ageda bezpera ospatuko dugu, ozenki abestuz eta makilak kolpatuz astinduko dugu lurra. Eta ezin ahaztuko ditugu astebete barru gure herriko kaleak zeharkatuko dituzten Ostiral Meheko eta Zaldunita bezperako danborradak. Amalurra goizetan iratzartzeko bost alarma programatu behar dituen norbait delakoan gaudela dirudi...!

Usadio hauetako baten oraina txirtxilegia da ordea, edo aurreko iruditeria eztiegia. Badira urte batzuk Zaldunita bezperako helduen danborrada ahitzen joan dela. Partaidetzak behera egin duela, aldaketa ugari jasan dituela, herritarrak ikustera ez doazela... zer izan ote zen lehenago, oiloa ala arrautza? Arrautz nahiz oilo, 1915. urtetik tolosarrok ospatzen dugun danborradaren egoeraz kezkaturik zegoen herritar taldetxo bat batu zen joan den urtean. Taldetxo hau, udaletxearen laguntzaz, lanean aritu da pixkanaka danborradari galdutako distira ateratzeko asmoz. Oraingoz burutuko diren aldaketak txikiak dira: Plaza Zaharretik hasiko da ospakizuna, lehenengo aldiz Galtzaundi pieza jo eta abestuko da bertan, ibilbidea Plaza Zaharrean amaituko da eta partaide guztiek batera afalduko dute Zerkausian lehenengo aldiz. Festen egitarauaren lerroetan galdu ez dadin lortzen bada sikiera! Baina honen bueltan lanean jarraitzeko asmoa dago, aldaketa handi zein txikiak izan hobekuntza itzela izan dadin.

Esan beharra dago, ez dela horrelako saiakuntzarik burutuko den lehen aldia. Tolosako danborradak zurruntasun eza izan du ezaugarri, eta konnotazio guztiz positiboz diotsuet hau. Gure danborrada ez da oroitzapenerako ekitaldi finko bat, ez da estatikoa. Aitzitik, moldagarria da. Kamaleonikoa. Hobetzeko prest dagoena, herriaren beharrak asetze aldera. Ordutegi aldaketak egon dira, ibilbide aldaketak, erreginak Galtzaundik tronugabetu ditu, parte hartzearen gorabeherak izan dira, tinbalak elkartu zaizkio, antolatzaile ezberdinak izan ditu... baina 113 urtez ospatu da. Beraz ez dezagun esan hau hoztu den amodio-afera denik, esku artean duzuen hau ezkontza-agiria da eta. Baldinbaitere bikotekide honen edertasuna berriz hautemango ahal dugu! Bere zimurrez haratago, elkarrekin bizitako uneak ikusi ditzakegu begiak txilotuz gero.

Danborradaren xarmaren sarean jausi, eta gerturatu Zaldunita bezperan Plaza Zaharrera. Astindu dezagun lurra, kantuz esnatu dezagun natura. Zaharberritu ditzagun gure etxeko ohituren altzairuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!