Kale Kantoitik

Malgutasuna

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2017ko abe. 21a, 12:25

Alaken, alaken, ala pikula tun paire, errespunde la pikula tunpa, urte amaiera iritsi zen. Ia urtetxo bat joan zait, 365 egunez osatutako agenda berria estreinatu nuenetik. 2017ko agendari errepasoa emateko unea iritsi zait beraz: mila kontu eta mila komeri, pila bat gertakari eta berri ikaragarri. Hauek guztiak aztertu ostean hipotesi bat dakarkizuet: errealitatea malgua da.

Hipotesi hau frogatzeko, honako txostena prestatu dut. Hau, nire ingurukoek eta beste hainbatek burututako saiakuntzen bidez lortutako emaitzetan oinarritzen da. Esperimentu hauetako batzuen emaitzak aurkeztuko dizkizuet orain.

Lehenengo froga: Orain dela gutxi kafetxoa hartzen hari ginela Santo Tomas Azokari buruz hitz egiten hasi ginen lagun artean. Garai batean nekazariek errentak ordaintzen zuteneko eguna zen Santo Tomas, hirira gerturatzen zirela eta, bide batez azokara joaten ziren. Txerri boda garaia zenez, txerrikiak izaten ziren salgai eta hauetan merkeena txistorra izanda horixe jan ohi zuten talo ogitan. Horrelako kontuak ahaztuak ditugula esanez, gai ordena aldatu eta Olentzerori buruz hitz egiten hasi ginen. Neguburuaren ikur zen pertsonaia zikina izatetik, lehen kristaua izatera pasa zena. Gaur egun, gaztetxoei Whatsapp bidez erantzuten dien bihotzeko agurea delarik. Honek guztiak eztabaida sortu zuen; jatorrizko sinbolismoa berreskuratu, ala aldaketak onetsi. Bada, aukera bat zein bestea defendatuko zuenik bazen.

Bigarren saiakuntza: Eskulangintza Azoka batean egiten dut lan Gabonetan. Beira lantzen dugu, eta eskuz egindako ispiluak, lanparak, apaingarriak eta bitxiak ditugu salgai. Eskulangintzan lan egiten dugunok, arloa dena dela, badakigu pieza bakoitza egiten pasako ditugun orduak ez ditugula dirutan kobratuko. Baina erakusmahaiaren beste aldean daudenen artean bi iritzi egon ohi dira horren inguruan: batzuek egindako lana ikusten dute gure sorkuntzen salneurria ezagutzean. Besteek, berriz, denda haundietan ikusitako objektuen prezioekin alderatzen dituzte geureak, eta lehia horretan geu gara beti galtzaile. Bada "iruzurti" deitzen digunik ere!

Hirugarren esperimentua: Gaur bertan ospatuko dira Kataluniako hauteskundeak, 155. artikuluak baldintzatutako hauteskunde-kanpainari amaiera emanez. Hautetsontzietan erabakiko da beraz 155 ala independentzia. Kanpainan zehar alderdiek eta euren zerrendaburuek botoa eskatu dute, bataren ala bestearen alde agertuz. Bata ala bestea defendatuz ez aukera bezala, baizik eta errealitate sozial ukaezin bezala.

Laugarren saiakuntza: Joan den igandean ospatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela berriro ere, emozioz beteriko jardunaldi baten amaieran. Aitor Mendiluzerekin izandako buruz-burukoan Maialen poroetatik sartu zitzaigun, dudarik gabe. Baina, egunean zehar egindako lanak kontutan hartuta, bazen Mendiluze, Arzallus, Colina edota Sarriegi irabazle espiritualtzat jo zuenik. Sebastian Lizaso altxor publikoa dela onartzean bakarrik izan zen adostasuna nire inguruan.

Azken froga: Laura Pego eta Pako Etxebarriak 1960-2014 bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan emandako 4.113 tortura kasuen txostena aurkeztu zuten astelehenean. Hau Eusko Jaurlaritzak Kriminologia Institutuari egindako enkargua izan da, zeinetan 44 ikerlarik parte hartu duten eta Nazio Batuen Erakundeen protokoloen azterketak gainditu diren. Hau argitara atera eta biharamunean, alderdi politiko ezberdinen erreakzioak jaso zituzten hedabideek. Batzuek txostenak torturei ofizialtasun eztabaidezina ematen diela uste duten bitartean, besteek "gatazkaren teoria" babesten duen eta ideia faltsua ematen duen laburpena dela diote.

Ondorioak: Gizakiak malguak gara. Jantziak ditugun betaurrekoen koloreak baldintzatzen du gure munduaren ikuspegia, eta ikuspegi hau defendatzen dugu. Gizakiok eraikitzen dugu errealitatea. Geure ikuspegiak defendatzeko norgehiagokan irabazten duenaren iritzia jotzen baita egiazkotzat. Beraz, gizaki malguok eraikitako errealitatea malgua da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!