Kale Kantoitik

Izen propioa

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2017ko aza. 9a, 13:17

Gure alabari kontuz ibiltzeko esaten diogunean gure semeari aliatua izaten irakatsi ordez. Mikromatxismoak salatzen ez ditugunean. Kontrolatzen gaituen bikotearengandik ihes egiten ez dugunean. Biktima bezain beste erasotzailerekin gurutzatzen garela gogoratu beharko genuke.

Medicus Mundi Arabak 50 urtetxo betetzen ditu aurten. Hori ospatzeko, ostiral honetan beraiekin elkarlanean grabatutako dokumental labur bat aurkeztuko dugu lau lagunek. Honek emakumeen aurkako indarkeria aztertzen duenez (eta azken asteetan hau behin da berriz ikusi behar izan dudanez) begi atzean geratu zaizkidan irudiak marraztuko dizkizuet hitzez:

2015eko emakumeen aurkako indarkeriaren makroinkestaren arabera, espainiar estatuan bizi diren emakume helduen %12,5ak bortizkeria fisiko ala sexuala jasan du euren bizitzan zehar. 2,5 milioi emakumeek, alegia. Urte horretan zehar estatuko emakumeen %2,7a biolentzia fisikoaren biktima izan zen eta %9,2ak mehatxuak, irainak, eta bestelako tratu txarrak jasan zituen. Espazio publikoetan sexu-jazarpenak jasandako emakumeen kopurua berriz izugarri altuagoa da. Oso datu txarrak dira, ezta? Gure gizartea gorritu dadila, lotsaren lotsaz! Guztiz egiazkoak dira gainera, erasotuak izan ez bazarete biktimaren bat ezagutuko baituzue ziur. Maria? Edo bat baino gehiago. Jone, Eider, Idoia, Eva, Miren... Zuetako zenbatek, berriz, duzue zuen burua erasotzailetzat? Zuen inguruko zenbat lagunek jazarri dute emakumeren bat? Kopuru askoz txikiagoa izango denaren susmoa daukat, eta erantzun hori guztiz fidagaizten dut. Nun zaudete? Zergatik ez zaituztegu antzematen? Biktimen bikote, senide edo auzotarrak izanda ere, ikusezinak izango zarete. Eta Anek jarritako salaketa aintzakotzat hartzen den %11,1aren barne badago, honakoa esango dute bizilagunek: ezin dut sinetsi, tipo jator-jatorra zen eta! Irati bortxatzen duten egunean emakumeen aurkako indarkeria gizarte honetako gaitza dela esango dugu, hasperen eginez. Gaitzaren kontzeptu abstraktuaz gogoratuko gara, eta ezkaratzean jator-jator kasu egiten diguten ehundaka erasotzaileez ahaztu.

Ezbehar-izurri honen atzean izen propio ugari izkutatzen direla gogoratu beharko genuke... Iñigo, Julen, Aitor. Gure alabari kontuz ibiltzeko esaten diogunean gure semeari aliatua izaten irakatsi ordez. Mikromatxismoak salatzen ez ditugunean. Kontrolatzen gaituen bikotearengandik ihes egiten ez dugunean. Herriko jaietan jazartzen gaituztenean aurre egin ordez alde egiten dugunean. Familiako bazkarietan astakeriak esaten dituen osabari ez diogunean aurre ematen. Erreakzio bilakatzen garenean akzio izan ordez. Biktima bezain beste erasotzailerekin gurutzatzen garela gogoratu beharko genuke. Kontzeptu haundiei azaleko kritikak egitearen estetika goxatzeari utzi, eta gure barrenen azterketa sakonaren narraskeria onartu. Gure inguruan zaudeten erasotzaileak hauteman ahal izateko, begiak estali dizkigun hesgailua galtzeko. Adi egon ba, erasotzaile. Erre eta su gaudela, ta erreakzioari errea errez akzioa lortzen dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!