Galtza motzak eta kamiseta tiraduna jantzita, jertsea gerrian lotuta (badaezpada), atera nintzen etxetik. Urria amaitzear eta 27 gradu kalean. Beroketa globalaren frogaketa enpirikotzat baliozkotu dezakegu hau, ezta? Beno, aseak gosea ezin ikus eta klima-aldaketaz pentsatzen ibili ordez mendira joan nintzen. Tipi-tapa Uzturre aldera. Santa Lutziko bidea hartu nuen beste behin, Miserikordia Zaharrari bisitatxo bat egiteko asmoz.
Hilabete bat neramakien bertatik pasa gabe, eta azken aldi hartan sekulako sorpresa hartu nuen. Ikusia nuen udaran auzolandegiko gazte taldeak egindako lan izugarriaren emaitza, baina are txukunago topatu nuen Miserikordia. Non eta bertako askan makurtua auzotar bat topatu nuen lan eta lan. Berarekin hizketan jarri nintzen: aurrien egoera ikusita bere kaxa ingurua txukuntzen hasi zen udara aurretik. Udaletxearekin kontaktuan jarri zen eta boluntario bezala eskaini zuen bere burua berreskuratze lanetan aritzeko. Dagoeneko, aska, santuaren aldarea, txakurrentzako etxola eta ehiztari parada azpian dagoen borda garbitu ditu. Ez du denbora alferrik galdu, ezta? Aurrekoan Andoni Egañari entzundako hitzak maileguz hartuko ditut, irla bakarti bat izatetik artxipielago baten parte izatera pasa nintzela sentitu bainuen. Zirrararen zirraraz neuk ere udaletxearekin kontaktatu nuela esan nion, eta zuei apirilean kontatutakoak errepikatu nizkion. Solasaldia luzatu egin zitzaigun, ehiztari paradako bordan Juanito Loperen obra pare bat mantentzen zirela aipatu zidan besteak beste. Liluragarria, ezta? Poz-pozik bueltatu nintzen etxera!
Atzoko bueltan berriz, bainuei begi-kolpe bat eman ostean Miserikordia zaharrera gerturatu nintzen. Eta are txukunago zegoen, espero bezala. Espero ez nuena ordea eskuz egindako kartel bat topatzea zen. Bertan «Mesedez Harriak EZ eraman. Eskerrik Asko» idatzia zegoen. Mila esker zuei! Ia saltoka itzuli nintzen atzo eguerdian etxera. Ez irla bakarti, ez artxipielago. Geomorfologia korapilatsua duen penintsula sarea garenaren susmoa hartzen hari natzaio honi!
Eta horrelaxe kontuak! Gure herriaren ondarea zaintzen ari garela ikusita bihotza pozez kantari dudala eta Miserikordia zaharra apain-apain dagoela. Badakit kontu transzendetelak ez zirela esan dudala, baina guzti honetan sinbolismo zantzu bat bada ezta? Herriak harriz harri herria berreraikitzeko gaitasuna baduela esango nuke.