Telebistan gizajoren bat muturrez aurrera erortzen ikusi orduko barrez lehertzen ginen. Gaur telebistako programazioaren tarte horren zabala hartzen ez duten arren, honelako bideoak Youtuben topa ditzakegu edo Whatsappez helarazten dizkigute oraindik.
Erreakzio bitxia, beste norbaiten ezbeharrak barregura sortzea. Batez ere horren jokabide zabaldua denean eta telebistan saioak sortu direnean hura aurreikusiz. Ba fenomeno horrek izena ere omen du, SCHADENFREUDE. Berba alemaniarra da eta besteen zorigaitzek sortutako poztasun sentsazio bezela deskribatzen da. Ongizate hori bereziki areagotuko da, gainera, gure isekaren xedea pertsonaia arrakastatsua, harroputza edo ospetsua denean. Ondo pentsatuz gero, bada aipatutako telebista saio horien aurretik fenomeno hau ustiatu duenik: Zirku-pailazoak, Charles Chaplinen komediak... Eta badira, noski, ustiatzen jarraitu dutenak: albistegiak, esaterako. Fidel Castrok behaztopa egin zuenean, Mariano Rajoyk bere aurrekontuen aurka boto ematean, Donald Trumpen agerraldiak eta abar. Hau gure identitatearen eta autoestimazioaren osagaien disekzioa da. Gizartean, baita kode genetikoan ere, alderaketak eta norgehiagoka uztartzen direnaren seinale. Irristatu eta ipurdikoa hartu duen horrekin alderatuta hobeto gaudela pentsatuta, eta bere kontura egindako parrei esker, gure ongizatea handitzen da.
Aipatutako guztia talde identitate eta estimura aplikatu daiteke. Adibidez, Errealeko jarraitzaile diren zenbat futbolzalek diote Athleticek partidak galtzean pozten direla? Talde batekin estuki identifikatzen bagara, eta talde hau beste batekin lehian badago, bigarren honen porrotez trufatuko gara maiz. Talde senak bultzatutako schadenfreudea politikarien portaeran ikusi dezakegu argi eta garbi. Neuk behintzat egun osoan zehar hori besterik ez dut ikusi. Albistegietan Rajoyren aurka aurkeztutako zentsura-mozioaz aritu dira eta kongresuan idazkari zein bozeramaileek emandako hitzaldiak izan dira ikusgai. Hitzaldiak, edo. Baten sumindura, bestearen azkar ustekeriak, politikaz aparteko salaketak eta guztien osteko alderdi baten edo bestearen txaloaldi eta txistualdiak. Eta telebistaren beste aldean geudenak ere tankeran. Ikuskizun horrek ekarri dit burura zeinen presente dagoen fenomeno hau politikan. Rajoy edo Trump bezelako lehendakariak euren herrialdeen buru izatera iritsi dira, herrialde osoak euren kontura barre egin badu ere. Edo horregatik hain zuzen, euren hankasartzeei eta esandako astakeriei esker hedabideen interesa piztu baitute. Eta danon etxeetan satu dira atea jo gabe. Beste izen asko etorriko zaizkizue burura, ziur: Esperanza Aguirre...?
Fenomeno berdinaren bi aspektu ezberdin erakusten dizkigute umorezko telebista saio zahar horiek eta politikak: lehenengo hauek ikustean gaizki sentitzen ginen. 'Berez' parrik ez gendukeela egin beharko bagenekien. 'Ufa! Horrek mina hartuko zuen' bat askatzen genuen behintzat. Politikariez aritzean edo euren artean ari direnean ez dago horrelakorik ordea, kontuak garrantzi askoz handiagoa badu ere. Egun politikaren karikatura toxiko erraldoi baten aurrean gaude eta horri aurpegira iseka egitea besterik ez dago. Nire kezka orain, schadenfreude politikoaren gurpil zoroa ea noiz geldituko dugun da.