Gogoetarako txoko txiki ez oso txukun honetara ere iritsi da haize epelaren fereka. Galtza eta gonak moztu, eguzkitako betaurrekoak jantzi eta ebakiak izotzarekin eskatu. Eguraldiak kalera, kalera erakartzen gaitu. Jaiez-jai! Kale-katu eta etxean mamu izango gara. Estalkiak erantzi eta animalia hipersozialak bilakatu. Hondartza, mendi eta kaleetako aretoetan egongo gara ikusgai, gure inperfekzio ederrak ausarki erakutsiz.
Tabernako terrazan eserita edo toallan botata gaudela, inguruko gorputzei begira, mendebaldeko kultura kontsumistarengadik herentzia ganairtzailez jaso ditugun burutazioak izango ditugu. Berria, gaztea, liraina den, ea modaren arauak jarraitzen dituen eta trebezia sozialaren eredu onargarri diren. Garen. Ala sortatik at geratzen diren. Garen. Udaran besteekin kontaktu gehiago izatean espero izatekoa da elkarri eragitea, espezie kaltebera bilakatuz. Horregatik perfekzio iheskorraren jazarpena areagotzen den urtaroaren atarian, KINTSUGI izeneko eskulangintza-teknika japoniarraz mintzatuko naiz.
KINTSUGIa XV. mendean sortu zen. Kondairen arabera, Ashikaga Yoshimasa izeneko shÅgun famatu bati te-katilu txinatar preziatu bat hautsi zitzaion. Zokoratu ordez, txinara bidali zuen hango artisauek konpon zezaten. Itzuli ziotenean, kikara burnizko grapa batzuen bidez josia zegoen. Emaitzarekin atsekabeturik, Ashikaga katilua konponduko zukeen artisau japoniar baten bila hasi zen. Baita topatu ere, hausturak erretxina eta urre-hautsez betez berriz osatu baitzioten zeramika-lana. Piezaren historia agerian jarriz eta transformazioa goraipatuz. Kintsugi hitzak 'urrezko arotzeria' esan nahi du japonieraz eta objektuen apurtune zein konponketak isilean gorde ordez, ageria uztea aldarrikatzen du. WABI-SABI izeneko korronte filosofikoaren barne hartzen da, zeinak iheskortasunean eta inperfekzioaren edertasunean oinarritutako ikuspegi estetikoa deskribatzen duen. Behin behinekoa, osatugabea eta akastuna denaren gorespena.
XV. Mendean europan sortutako ideal estetikoak kontrajartzean, Leonardo da Vinci italiarraren 'Vitrubiar Gizona' datorkit burura. Giza gorputzaren proportzio idealen ikerketa. Simetria. Bikaintasuna. Gaur egun iragarkietan, aldizkarietan, telesailetan... saltzen jarraitzen diguten kontzeptu aldakor eta menderaezina.
Perfekzioaren tiranokeriari uko egiten saiatuko naizela erabaki dut. Nire europar sena hibernatu egingo dut. Halabeharrez behin behineko, osatugabe eta akastun garen eta izango garenez, maileguz hartuko dut WABI-SABIa. Besteen hausturen dizdira ikusteko gai izan nadila eta, udarako eguzki izpietan igeri, nire izate ageriaren apurtuneak urreztatu daitezela.