Kale Kantoitik

Espazioa

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2017ko mai. 18a, 13:50

Zibernetika, post ekologia, artearen eboluzioa, bioteknologia, robotika... emandako lehen pausoen aztarna dira. Etorkizunari beste behin liluraz begiratzea lortu behar dugu, 1930ean espazioko lehiak sortu zuen zirraraz.

Puxikak urez bete eta eztanda egin arte jaurtitzen aritu nintzen igandean, jolasean. Eta bizikletan bueltaka, lasterka, bikotekidearekin norgehiagoka. Denbora-pasagarri txepelak izango dira agian, baina horrelaxe ibili ginen arratsalde osoan. Albistekerien, “trending topic” izan diren eztabaidagaietatik, ihesi oinpekoei eraginda eta ur zipriztinak sahiestuz.

Egunaren azken argi izpiek luzatutako aukerak zukututa etxera itzuli nintzen. Nire gogapenak txirrinduaren gurpilak bezelaxe zebiltzala, pirritan. Aurrerapen teknologikoek astean zehar sortutako buruko minak: mendekotasun mugikorristikoa, e-mail bidezko komunikazioaren gailentzea, selfien pandemia, betiereko 'online' estatusa, bale urdinak sare sozialetan harrapatuta, eraso zibernetiko mundialak... teknologia ezak sendatu dizkit asteburuan. Ondorio gisa sinple xamarra da hau, baina historia korapilatu egiten da... Zeren, teknologiarik gabe ezer al gara? Gure gizartearen oinarriak X eta Y ardatzetan, plano fisikoan, eraikitzeari utzi eta Z ardatzean jarri dugu arreta aspaldi. Gaur gure zimenduek adreilu teknologiko ugari dituztelarik.

Ezagutzen nauenak badaki “Black Mirror” telesailarekin maiteminduta nagoela. Ikusi beharrekoa da, zalantzarik gabe. Istorio distopiko sorta bat aurkezten da bertan eta teknologiaren erabilera petralak sortutako etorkizun hipotetikoa du protagonista gehienetan... Lasai! Ez dizuedala berriketaldi profetiko bat botako. Ez duzue pilula gorri eta urdinaren artean aukera egin beharrik. Oraingoz. Azken aldian teknologiaren inguruan hausnartzen nabilela besterik ez nuen komentatu nahi. Honi hartzen uzten diogun espazioaz hain zuzen. Zenbat nagusitu den gure egunerokotasunean bere erabilera, urez betetako puxiken eta lasterraldien abantaila txikiagotuz. Mugikorra dugu adibide gertukoena: alegiazko mundu bat biltzen duen tresna, zineman gaudela argi-iturri salataria den pantaila, lanorduak amaigabe bilakatzen dituen aparatua, dardara mezua jaso duzula jakinaraziz edonon eta edonoiz. Gure arreta erreklamatzen du une oro, begitara begira harri bihurtzen gaitu mende hontako Medusak.

Julio Cortázarren 'Casa Tomada'z ari ginela lagun batek sakelekoa beti esku artean eukitzearen kontu horrek ipuina burura zekarkiola aipatu zuen. Guztiz ados nago. Gure espazio fisikoak espazio zibernetikoaren mesedetan galdu duen ehuneko tarte handia, ustezko premiek eragina da. Ziber espazioaren geruza eta tolesdura infinituetan galdu gara. Ez da harritzekoa, maparik gabe irten gara Z ardatza esploratzera eta. Gizaldi berri baten atarian gaude, eta hori beldurgarria da. Etxe-aldaketa egin berri dugu eta sarrerako argi etengailua topatu arte ilunpetan arituko gara. Itsumustuka. Abangoardiak behar ditugu. X, Y, Z ardatzen mugetatik at bide berriak zabalduko dituztenak. Norabide berriak. Zibernetika, post ekologia, artearen eboluzioa, bioteknologia, robotika... emandako lehen pausoen aztarna dira. Etorkizunari beste behin liluraz begiratzea lortu behar dugu, 1930an espazioko lehiak sortu zuen zirraraz. Nostalgia alde batera utzi behar dugu, '80 edo '90ko hamarkadako filmen remake gehiagorik ez mesedez. Sustatu dezagun originaltasuna. Zukutu dezagun burmuina. Abangoardia da giltzarria. Espazioa bere geruza, tolesdura eta dimentsio guztietan arakatu, erreklamatu eta gozatzeko nahia berreskuratu behar dugu. Horrela gaindutuko ditugu eta teknologiaren mugak, hackerren iruzurrak, mendekotasunak, sasisozializazio sareak, gainbehera...oinpekoei eraginda eta ur zipriztinak saihestuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!