Tartetxo bat badezue sukaldean sartu, eta azukre-koxkor pare bat maileguz hartu. Zientziaren izenean. Edo kuriositatearen izenean. Mailu txikiren bat izango duzue, ezta? Hartu hori ere. Azukrea txikitzeko erabiliko dugu, eskura ez baduzue lasai. Hortarako balio dezakeizuen beste tramankuluren bat hartu. Listo? Ongi da, orain atea itxi eta pertsianak jeitsi. Sukaldeko argia itzaltzerako ilunpetan geratu beharko da gela. Beltz. Zergatik? Gaurko magia saioa iluntasunean gozatu beharrekoa delako. Magia esan dut, bai, lehen zientzia aipatu badut ere. Azken finean bi hitz horiek banatuko dituena azalpentxo bat besterik ez da..!
Ba, argia itzaliko dugu beraz. Orain azukre koxkorra sukaldeko mahaian jarri, gure begiak iluntasunera ohitzen diren bitartean. Heldu mailuari tinko, eta zirt edo zart zanpatu koxkorra! Ikusi duzue? Bai, ezta? Argi printzak, txinparta txiki batzuk! Nola den posible? Magia! Fenomeno optiko bat da ikusi duzuen hori. Tribolumineszentzia. Orain bostehun urte gertakari hau ezagun bazen ere, egun mekanismoa ez da guztiz ezaguna. Azukre koxkorra bezalako material asimetrikoen hausturaz, karga elektrikoaren banaketa eta birkonbinazioaren ondorioz inguruko airea ionizatzen dela uste da. Hori dela eta ikusiko dugu argia aktibazio mekanikoa ematean. Aparta, ezta hala?
Barkatuko didazue gaurkoan sorginkeriez mintzatu izana. Albistegiei leporatuko diet errua. Ustelkeri istiluen 'reality show'a, Eusko Alderdi Jeltzalea eta aurrekontuen komeriak, maitale ez heteronormatiboen odisea, bioentziak... Groucho Marxen hitzak dakarzkidate gogora: heriotzaren aurreko biziaz zalantza egin dut eta. Horregatik behar nuen gaurko saioan zuekin aztikeriaz aritzea. Magiaz. Argi printzak sortzeko beharra nuelako, irrifarrak ikusi ahal izateko.