Kale Kantoitik

Erruki

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2017ko api. 20a, 11:40

Tolosaldeko mendizale gehienek bezela Uzturre mendira txangoak maiz egiteko ohitura dut. Eta askotan igo arren irteeratxo bakoitzean bere txoko sekretu berriren bat topatzen dut.

Txikia nintzela gurasoekin Tolosatik irten eta errepide nahiz bidexidorra hartuta Izaskungo ermitaraino gerturatzen ginen, ondoren gurutzeraino igotzeko, betiko bidetik. Gure herriaren itxurari, edertasunari, erreparatzeko aukera eskaintzen digun begiratoki kuttun horretara. Nerabezaroan berriz, lagunekin Belabieta aldera doan bidea hartzen hasi ginen, gure begikoena izatera iritsi zelarik. Ibilaldia luzexeagoa izanik Izaskungo jatetxean kroketaren bat jatea bidezkotzen genuelako, igandeei probetxu handiagoa ateratzen geniolakoan edo berritasunaren zirrara zela eta. Ondoren errepidearen bazter batetik sortzen den bidexka hartzen hasi nintzen neure kabuz, Uzturre azpiko urjauziak sortzen dituen iturriaren aldamenetik igarotzen dena. Eta, azken urteetan, Santa Lutzi auzotik (Samaniego ikastetxe paretik) irteten diren bideetatik igotzen aritu naiz gehien bat. Aspaldi sasiek hartutako bide estua zenaren metamorfosia ikusteko aukera izan dut: bidearen garbiketa eta seinaleztatzea, telegrafoaren dorrea txukuntzea, Rufina eta Estanisen argibide taulak, haritzen landatzea eta azkenik Miserikordia zaharreko bainuak zireneko oasi ederraren berreskuratzea Amarozko mendi elkartearen eskutik.

Aldaketa guzti hauek ikustearen txundiduraz oharkabetuko nintzen agian. Nire muturren aurrean miserikordia zaharra pixkana desagertzen ari zela ez bainuen ikusi. Horma batetik eta bestetik harriak falta zirela. Han-hemenka. Eraikinetako baten horma bat guztiz desagertu zen arte. Bere ordez horma zenaren txikizioaren arrastoa zegoen, gizakiok sortutako nahastea zen hura. Orduan bai ohartu nintzela. Erortzear egongo ote zen? Arriskutsua zela eta botako zuten, ziur. Orain dela aste pare bat, ordea, zutik dirauen eraikin nagusiaren pareta batzuen zatiak 'desagertu' dira. Hortaz jabetu nintzen egunean Santa Lutzia – Uzturre ibilbidetik behera zihoan traktore bat ikusi nuen, harriak zeramatzala. Ez nuen arreta handirik jarri, baina Miserikordia zaharrera iristean nire burmuinak klik egin zuen. Eta erregistratutako gertakariekin zenaren eta zitekeenaren arteko malabarismoak egiten hasi nintzen halabeharrez. Traktoreak zeramatzan harriak gure herriko ondarearen gorpuzkia al ziren? Ziur harriak falta zirela, edo nire irudipenak ziren? “Zazpi ezberdintasunen jokoa” martxan zen. Falta ziren bai, ez zen nire asmamena. Harriz harri Miserikordia zaharra desegiten ari gara.

Esan bezela hau dena eta litekeenaren arteko egia birtuala da. Ikusiaren, jakinaren eta neure ezjakintasunaren artekoa. Egia absolututzat joko dudan bakarra Miserikordia zaharraren pixkanakako desagertzea da. Gure herriko ondare berreskuratu berriak esku artetik alde egingo al digu? Erruki gabe txikituko dugu gure arbasoek eraikia? Gure herri txikiaren historiaren testigantza da Miserikordia zaharra, gure identitatearern osagaietako bat. Uzturreko biodibertsitatea, euskara, inauteriak, babarrunak, Oria ibaia edota Triangulo plazako arkua bezelaxe. Ginena oinarri bezela hartuta, garena eraikitzea ahalbidetzen duen ondarea. Zaindu dezagun ba, arren, Miserikordia. Izan dezagun gure buruaren erruki...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!