Egunero askoren ahotan entzuten den erderakada tolesgabea. Askotariko esanahiak izan ditzake, baina izendatzaile komun bakarra: gure solaskidearen barrenak bozatuz isilaraztea. Oharkabean aterako zaigu behar bada. Baina oharkabean egiten ditugun gauzak, oinarri sendoenak izan ohi dituzte.
“Railatzeko” eskubidea aldarrikatzen dut nik. Gure kezka, arazo edo beldurretan sakontzeko eskubidea. Horrelakorik gabe ezinezkoa izango litzateke eta gure buruarekin erlazio zintzo bat mantentzea. Ezinezkoa autoestimua garatzea. Benetako autoestimazioa behintzat, gure barrenak iragazkirik gabeko leiar batez aztertuz garatzen dena. Ez sozioestimua.
-Sozioestimua?
-Bai, sozioestimua. Gure autoestima dela sinistuarazi nahi diguten hegemoniaren onespen hori. Isilpeko politikaren botere erabilera. Autoestimua (fikzio bat bada ere) badago, banakoak sisteman ondo ahokatu ahal direla esan nahi baitu.
- Sisteman ahokatu?
-Bai... Izan ere, hemen jokoan dagoena sintomen erabilera da. Hauen kudeaketa pribatua ala publikoa izango den. Autoestimurik (edo sozioestimurik) gabeko banako bat, gizarte-gaitz baten sintoma izango baita. Eta hori arriskutsua da.
-Sintoma bat gara?
-Noski! Eta sintomak ziurtasun-gabezia sortzen dute, deserosoak dira. Bere arazo guztien aurka, kroniko zein akutu, tratamendu paliatiboak agintzen dituen gizarte batean bizi gara... Pentsa! Kexu ozen eta kale-agerraldien tratamendurako, mozal legeak. Estatuko hiriburuan dauden eskaleen “gaitza” baretzeko, isunak. Beste herrialdeetatik gurera ihesi datozen errefuxiatuen aurka, harresiak. Emakumeen eskubideak bortxatzen dituen gizartea tratatzeko, kuotak eta isildeiak... Gaitz kroniko batekin biziko dela onartu duen gizartea gara. Asintomatiko izatearekin konformatuko dena.
-Tira tira, “railatzen” ari zara. Ez agobiatu...
-Nola ez ba? Sintomak gaitzaren eragile organikoaren ordez tratazen baditugu... nola sendatuko da gure gizartea? Beldurgarria da!
-Aix, “sin mas”...
Eta hori, bi hitz horiek ondorioz dakartena. Hori, bai dela beldurgarria. Kontu hutsalen normatibizazioa. Pentsamendu sakonen baztertzea. Barrenak bozatuz isilaraztea: “sin mas”.
Horregatik, nik, “railatzeko” eskubidea aldarrikatzen dut. Solasgaitik nahi haina besteratzeko eskubidea. Eldarniatzeko eskubidea. Gure barrenak arakatzeko eskubidea, eta inguruarekin kritiko izateko eskubidea.
“Railatu”, arren.