Kale Kantoitik

Entropia

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2016ko urr. 20a, 13:41

Termodinamikaren bigarren legearen arabera, gure inguruan itzulezina den prozesu bat ematen ari da. Unibertsoa zabaltzen doa, aldaketa konformazionalak daude zeinak entropia maximora garamatzaten.

Baina, zer ote da entropia? Eskolan ikasiaren arabera, desordena. Anabasa. Zorionez, eskola garaia aspaldi utzi nuen atzean. 'Entropia' hitz grekoa dugu, eta eboluzio edo eraldaketa esan nahi du. Termodinamikaren arloan, magnitude fisiko bat izango da: sistema baten osagaiek zenbat konbinazio posible dituzten esango diguna. Aldaketa mikroskopiko posible guztiak, oreka makroskopikoa mantentzen delarik. Entropia maximoa, erabateko orekaren adierazlea izango delarik.

Nola? Zergatik ari naizen termodinamikaz? Ba, gure ingurumari erreparatuz gero, honekin guztiarekin paralelotasun sahitsezinak topatuko ditugulako. Bai, bai. Inguruma hurbilenean, Tolosan bertan. Mendiz eta basoz inguratutako herri tradizional honetan. Uzturre mendiaren harrizko begiek hamaika eta batetan ikusi dute gure herriaren entropia handitzen:

Mailegu linguistikoak denon ahotan, hizkuntza ezberdinak herriko kaleetan. Gastronomia internazionala. 'Curry'a, 'tempura', 'ramen'a edo 'kebab'ak sagardoa eta piper beteak bezain eskura. Babarrun azoka batean, extremadurako ekoizkinena bestean. Zaborraren atez ateko bilketa. Herritarron azalaren aniztasun infinitu ederra. Emakumeak gastronomia elkarteetan, emakumeak alardeetan. Atzerrian jaiotako tolosarrak eta atzerrira joan direnak Tolosan jaiota ere. Eroski, eta aldamenean, bazaar txinatarra. Aitonak egindako kutxazarraren aldamenean, IKEAn erositako apalategia. Eta apalategian, marokora egindako bidaian erosiako oroigarriak.

Gure herrian ematen diren aldaketak ez dira txarrak, ez dago anabasik, desordenik. Egoera orekatuago batera garamatzate, aniztasunera. Eta jarrai dezagula aldatzen! Entropia maila ertainean baikaude, eta maila honetan konplexutasuna handia da sisteman. Entropia maximoan ordea, erabateko orekan, konplexutasuna galtzen da. Eta bidearen amaieran, aldaketek dakartzaten ziurgabetasun eta zailtasunak igarota, hori izango dugu saritzat: oreka, berdintasuna. Konplexutasunik gabe, arazorik gabe. Arrunt. Erraz.

Eta Tolosak, makroskopikoki, Tolosa izaten jarraituko du. Bere mikropartikulen konformazioa beste bat bada ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!