http://www.youtube.com/watch?v=y65pU5tZvPo
Hiru belaunalditako hiru emakume, eta hirurak, punta-puntako mendi lasterkarien artean. Nerea Amilibia (1971, Zizurkil) aditua bilakatu da ibiliaren ibiliaz; Aitziber Ibarbia (1977, Zizurkil) aritua da, maila onean gainera; eta Leire Agirrezabala (1987, Ibarra) hasiberria da, zazpi hilabetez mendiz mendi eta podiumetik podiumera dabilena. Hiru handiak maldan gora eta behera lasaitasun eta askatasun bila ibiltzen dira, lehia tartean izanagatik erlaxatzeko balio baitie. Atzerrian izan dira mundu mailako txapelketetan, baina etxeko mendiak dituzte gustukoen. Mendion magalean elkartu gara beraiekin.
Behin probatu eta bizi guztirako lotu
Mendi lasterketetan ibilbide luzea egindakoak dira. Pauso txikitan ala handitan, baina lorpen handiak egin dituzte Tolosaldeko korrikalariek. Norabide berberean doazen arren, hasiera ezberdina izan dute guztiek. «Zarauzko lagun batzuk mendian aritzen ziren korrika. Beraiekin joatekoa nintzen, baina gogorra iruditzen zitzaidanez, beti, atzera egiten nuen. Bakarrik ez geratzeko behin proba egin nuen, eta ordutik, orain arte», azaltzen du Amilibiak.
Duela zazpi urte Gasherbrum IIra joateko aukera suertatu zitzaion Ibarbiari. «Espedizio horrek inflexio puntu bat markatu zuen nire bizitzan, eta ordura arte ezagutzen ez nuen mendiko beste diziplina bat probatu nuen bidai honen ondorioz». Alberto Zerainekin prestatu zuen bidaia, eta bera mendi lasterketetan ibiltzen zenez Ibarbia ere animatu zuen. «Telebistan ikusten duzun ibilaldi polit hori gogorra da oso. Elkarbizitzaz, sufrimenduaz eta nire buruaz asko ikasita itzuli nintzen. Ez naiz damutzen, baina behin egin dut eta ez dut berriz egingo. Eroso nago mendian lasterka».
«Arantza sartuta neukan, mendian lasterka hasi eta berehala utzi behar izan nuelako, eta Leitzara eztena kentzera joan nintzen», aitortzen du Agirrezabalak. 2013ko ekainean EHME –Euskal Herria Mendi Erronka- irabazi eta garaipenak bata bestearen atzetik etorri zaizkio ibartarrari. «Zazpi hilabete hauetan gauza ugari bizi izan ditut, guztiak berriak niretzat, eta barneratzea asko kostatu zait».
Mendiaren xarma, beraientzat karma
«Mendia gogorragoa da, baina aldi berean, politagoa», dio Agirrezabalak eta gehitzen du «mendian denbora gehiago daukazu neurtzeko». Amilibiaren ustetan errepidea oso agonikoa da, segundo bat jaistea oso zaila baita. Agirrezabalak gehitzen du «asfaltoan erritmo bat hartu, eta amaieraraino abiadura horretan joan behar duzu, mendian ez».
Ibarbiari mesede egin dio mendiak. «Belauneko arazoak nituen, eta mendian korrika hastean problemak konpondu zitzaizkidan». Kirol hau beraien arazoetatik ihes egiteko formula dela diote aho batez, eta Ibarbia, ihesbide izateak ere mesede egiten duelakoan dago. «Zapatilak jantzi eta mendian barrena joaten zara, korrika. Etxeratzean barne-bakea sentitzen duzu, lasaitasuna, zoriontasuna», gaineratzen du Amilibiak.
«Aske sentitze horretan, lagungarria da oso, bizi garen ingurunea. Urte sasoi ezberdinetan toki berdinetik pasatzen zara, eta paisaia nola aldatu den ikusten duzu. Naturaren hotsak ere entzuten dituzu. Harmoniatsua da oso», irizten du Ibarbiak. Urtaroaren araberakoak dira Agirrezabalak mendiari egiten dizkion bisitak. Neguan, gutxiago; uda partean, aldiz, gehiago. Izan mendian ala kalean, astean seitan joaten da korri egitera, «libre» sentiarazten baitu ariketa fisikoak eta «erlaxatu» egiten baitu. «Finean, bizitzeko modua da», azpimarratzen du ibartarrak.
Lehiaz harago, erlaxazioa
Lasaitzeko helburuarekin egiten du korri, beraz, Agirrezabalak. «Txapelketetan lehiatu arren, entrenamenduak ez ditut lasterketei begira egiten. Nire behar, nahi eta sentsazioen arabera egiten dut korri; egun batean gehiago eta beste batean gutxiago», azaltzen du. Amilibiak berriz, ondorengoa gaineratzen du: «Korrika ez daukat nagusirik; lanean bai, baina lasterka ez».
Bere kasa aritzen da Amilibia, nahiz eta lehengo urte amaieran entrenatzaile batekin saio batzuk egin zituen, probatze aldera. Aurreko denboraldiko markak jaistea da urte horretako xedea lasterkarientzat, eta helburua lortzeko aditu baten laguntza ezinbestekoa iruditzen zaio Ibarbiari. «Zinez lehiakorra naiz, eta irabaztea dut gustuko. Horretarako, txapelketari dagozkion entrenamenduak egiten ditut, beraz, gogoz kontra bada ere, behartuta nago trebatzera. Lehiaketarekin gozatu egiten dudanez, aurreko sufrimendu hori ez zait neketsua egiten».
Agirrezabalak, aldiz, ez du araurik jarraitzen; ordularirik gabe ateratzen da, denboran eta kilometroetan arretarik jarri gabe. Halaber, aitortzen du, lasterketa duen astean urduriago jartzen dela eta bere burua presionatzen duenez, kontu handiagoa izaten duela entrenatzerako garaian.
Presioa bakarra, norberak bere burua
Lehen postuan zentratu gabe orientatzen dira mendian barrena hiru lasterkariak. Halaber, podiumeko gailurrera igo nahi dute, eta onartzen dute domina begiz jo duenean, hori lortzeko bidean murgiltzen direnean, presioa sentitzen dutela. «Profesionalak ez garen momentutik, kanpotik ez gaituzte estutzen. Jasaten dugun presio guztia guk geuk sortua da; oharkabean gure burua galkatzen dugu», aitortzen du Ibarbiak .
«Lasterketa baten atarian zure izena faborito nagusien artean badago, jendeak zutaz zerbait espero duelako da, eta behartu egiten duzu zure burua», azaltzen du Agirrezabalak. Ibarbiaren aburuz, jendeak esperantza edukitzea lortu dezakezunaren seinale da. Normaltzat jotzen dute egoera horretan presionatzea, baina halaber, konfiantza norberak bere buruarengan eduki behar duela azpimarratu dute.
Eguneroko lanak emaitzak ematen dituela irizten dute; eta emaitzak, konfiantza. Fruituak emateko denbora asko eskatzen duen kirola da mendi lasterketa. «Erabaki oro hartzean, kirol hau praktikatzea kasu, beste zerbait albo batera utzi behar duzu. Lehentasunak markatu behar dituzu, eta horren baitan aukeratu», esplikatzen du Ibarbiak. Baita sakondu ere: «Mendi lasterketa ihesbidea da niretzat, eta hori horrela izanik, behar bat bilakatu da korrika egitea. Kirol honi denbora eskaintzeko, beste zerbaiti kendu behar diot. Oraingoz balantzan pisu handia du kirol honek, hori aldatuz gero, eskainiko diodan denbora-tartea ere aldatu egingo da».
Amilibiak, aldiz, loari kentzen dizkio orduak. «Laguntza jasotzen dut, eta eskertzekoa da, bestela zailagoa egingo zitzaidan guztia uztartzea». Agirrezabalak aitortzen du leku guztietara berandu ailegatzen dela, eta beti presaka ibiltzeaz gain, alde batetik bestera korrika joaten dela.
Hautaketa honen alderdirik ilunena asteburuak hipotekatzean ikusten du Ibarbiak. «Lasterketak igandean izaten direnez, larunbatean atsedena hartu behar dugu. Niretzat hori da sakrifiziorik handiena baina korrikaldiko emaitzetan bilatu dut motibazioa». Hirurei aurrera jarraitzeko indarrak beharrak ematen dizkie; barruko tentsioa askatzeko premiak.
Taldearen babesa, eskertzekoa da
Banakakoa izanik motibazioa, mantentzea ez da erraza. Tolosaldeko hiru korrikalariek bat egin dute Euskal Selekzioan eta positiboki baloratu dute taldean bizitako esperientzia. «Lehen lasterketetarako joan-etorriak bakarrik egiten nituen, eta luzera gogorra egiten da. Orain, taldearen babesa daukat eta xamurragoa da», azaltzen du Ibarbiak.
Zizurkildarrari selekzioan sartzeko aukera duela bi urte etorri zitzaion, Euskal Kopa irabazi ostean. Amilibia jada bertako kide zen, eta aurten Agirrezabalaren txanda izan da. «Leitzan irabazi eta Eneko Alienderen deia jaso nuen. Espainiako txapelketan parte-hartzeko proposamena luzatu zidan, eta orduan hasi nintzen selekzioan», esplikatu du Agirrezabalak. Ibarbiak, berriz ere, talde-giro horri heldu dio: «Ordura arte zure aurkariak izandakoekin harremanetan jarri eta lehiakide izatetik lagun izatera pasatzen dira, zoragarria da».
Amilibiak talde giroaz gain, kanpora ateratzeko aukera ere azpimarratzen du, munduko lasterketa onenetara joan eta korrikalari onenekin lehiatzeko parada. «Nire ametsa Malasiara joatea zen. Horretarako Munduko txapelketan hirugarren postua lortu behar nuen, beraz, selekzioagatik ez balitz oraindik hemen egongo nintzateke».
Taldearen sostengua izateaz gain, babesleen laguntza era badute Tolosaldeko neskek. Abenduaren lehen egunetan sinatu zuen akordioa lasterkari ibartarrak Ternuarekin, datorren urtean Ternua’s Friends taldean arituko da beraz. Bakoitzak bere babesleak dauzka, baina aho batez diote taldearen elkartasuna eta gertukoen babesa dela laguntzarik handiena.
Bide luzea aurretik
Bidezidor ezberdinetatik elkartu ziren mendi lasterketen bide honetan. Atzera begiratuz gero, hirurek, lorpen handiak egin dituztela ikusiko dute. Baina etorkizunari begiratzen diote lasterkariak, anbizioz gainera. Aldapan gora eta behera jarraitu nahi dute, gozamena ardatz izanik eta emaitzak bigarren mailan utziz.
«Aurtengoa, espero gabe, emaitzen urtea izan da. Datorren urtea esperientziaren urtea izango delakoan nago. Nire helburua ikastea eta disfrutatzea da. Emaitzak iristen badira, ongi etorriak izango dira, baina ez da hori nire jomuga», dio ibartarrak. Ibarbiak, aldiz, Agirrezabala emaitzak lortzeko kapaz ikusten du; are gehiago, handienen artean handiena izateko gai. «Munduko txapelduna izateko aukera guztiak dauzka, datorren urtean ez bada, ondorengoan».
Amilibiak ere indartsu ikusten du Agirrezabala, baita Ibarbia ere. Berak «gorputzak ahal duen bitartean» lasterka jarraituko du, «zalantzarik gabe». Ibarbiak ere ziurtasun osoz baiezkoa dio, korrika jarraituko duela gorputzak aurkakoa esan arte.
«Erreferente bihurtu gara ondorengo belaunaldientzat. Mundu mailan emaitza onak lortu ditugu Leire eta biok, eta Nereak Espainiako Kopan izugarrizko emaitza lortu zuen beteranoen kategorian. Emaitza hauek islatzen dute ez dela uste bezain gogorra, eta mundu mailan hain ondo ibiltzen bagara Euskal Herriko lasterketa txikietan edonork har dezakeela parte», dio Ibarbiak, gazteak probatzera animatuz.
NEREA AMILIBIA |
Mendi bat: Aizkorri |
AITZIBER IBARBIA |
Mendi bat: Ernio Lasterketa bat: Giir di Mont Garaipen bat:Giir di Monten, garaipen zaporeko hirugarren postua Gora ala behera: Gora Musikarekin edo gabe: Gabe Beste korrikalarien indargunea: Nerea: Konpletoa Leire: Ilusioa, gogoa |
LEIRE AGIRREZABALA |
Mendi bat: Uzterre eta Txindoki Lasterketa bat: Limone Extreme Garaipen bat: Leitza, baina gehiago gozatu dut Limonen eta Maratoian Gora ala behera: Gora Musikarekin edo gabe: Egunaren arabera Beste korrikalarien indargunea: Nerea: Esperientzia Aitziber: Gogorra |