"Ez zen korrika egiteko eguna"

Erabiltzailearen aurpegia Oiana Ortiz 2015ko aza. 9a, 18:39

Giro polita egin zigun igandean, baina ez zen korrika egiteko eguna; bero gehiegi egiten zuen.

Duela bost urte hasi nintzen korrika egiten, mutilarekin batera, Behobia prestatzeko intentzioarekin. Ordutik hona, urtero egin dut. Aurten denbora hobeagoa egiteko asmoz joan nintzen. Azkenean, dena zirkulu modukoa da: Behobia prestatzeko entrenatzen hasten zara, eta gero, beste probetan ere parte hartzen duzu. Eta horrela, azkenean, taldetxo bat elkartu gara. Guretzat, Behobia egitea ohitura bilakatu da, eta lasterketa ondoren arratsalde pasa egitea ere bai.

Nire ustez, Behobia gainean dela azken astean konturatzen naiz. Egia da hilabete faltan prestakuntzan jauzi bat ematen dugula, indartsuago eta serioago hasiz, baina bezperan konturatzen zara hor dagoela. Bi egun lehenago Korrikalarien Azoka egoten da, eta giro oso berezia sortzen hasten da.

Larunbat gauean ia ez nuen lorik egin, urduritasuna zelako. Beraz, hobe izaten da ostiral gaua aprobetxatzea ondo lo egiteko. Igandean esnatzean, "zergatik eman nuen izena" etorri zitzaidan burura: nagikeria. Gosaldu eta etxetik ateratzean, gauzak aldatzen hasten dira. Trenean korrikalari gehiagorekin elkartzen zara; zu bezala jantzita eta Behobiaruntz. Pixka bat animatzen hasten zara, orduan. Bidean, giro oso polita sortzen da, eta irteera puntura iristean, musika eta abarrekin, lasterka hasteko irrikaz egoten zara: gogotsu.

Ibilbidean ez nuen arazorik izan. Ni aurrerago atera nintzen, eta atzekoek anoa guneetan arazotxo batzuk izan omen zituzten, edari faltagatik edo. Ondo zaindu beharreko kontua izango litzateke hori.

Helmugan, jendea pixka bat pasata iritsi zela ikusi nuen. Batzuetan buru gehiago izan behar dugula uste dut. Markarekin itsutu egiten gara, eta zentzua galtzen dugu. Erretiratzea txarra ez dela ere ulertu behar dugu. Ez da obligazio bat helmugara iristea; ondo pasa beharreko eguna da, eta ez da erotu behar. Horrez gain, ez da ahaztu behar Behobia proba gogorra dela. Entrenamenduak behar dira, eta larri iristen bazara irteera puntura, igandeko eguna egiten baldin badu... Serio hartu beharreko lasterketa da, nahiz eta herrikoia izan eta giro oso polita egoten den. Giro horretan korri egitea izugarria da, baina entrenamendua behar da.

Oroitzapen on bat aukeratu beharko banu, aurtengoan giroa eta emakumeen presentzia aipatuko nituzke. Jende asko egon zen lasterketaren inguruan, eta hori oso berezia da. Eta korrika, emakume gehiago atera ginela uste dut. Poztekoa.

Azkenik, nire aurtengo helburua dortsal gorria lortzea zen, 1:32 eginez. Baina 1:34ean bukatu nuen lasterketa. Bidean sufritu gabe ondo iritsi nintzen, eta gaur ere ondo nago. Beraz, gustura. Lasterketa ondoren, gainera, taldea berriz elkartu eta pintxo batzuk jatera joan ginen. Eta giro aproposa zegoenez, Kontxan bainu bat hartzeko aukera ez genuen alferrik galdu. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!