Igande honetan, martxoaren 20an, Belkoain mendira ibilaldia egiteko aukera izango da Oargi Mendi Elkarteak antolatuta. Goizeko 08:00etan Andoaingo Gurutze Gorriaren postutik abiatuko dira, eta pista batetik igoko dira Belkoain mendira igotzeko bidegurutzera iritsi arte.
Baso baten barrena ibiliko dira. Guztira 400 metroko desnibela izango da ibilbidean zehar. Zarateko bentara iritsi aurretik, Atxulondoko burdinolaren aztarnak ikusiko dituzte. Ondoren, Garate baserrira doan bidea hartuko dute, eta berriztatutako karobi batetik igaroko dira. Aitzbeltzeko telegrafoaren dorrera joango dira ondoren, eta bide beretik itzuliko dira Belkoainera igotzen den bidea hartuko aurretik.
Ibilbidea 14 kilometro ingurukoa da eta lau ordu inguruko iraupena izango du.
Ondoren, Andoaingo Gaztañaga sagardotegian bazkaltzeko aukera egongo da. 20 pertsonentzako lekua gorde dute. 28-32€ inguru kostako da sagardotegia.
Izen-emate epea ostegunean, martxoaren 17an, amaituko da. Bi bide daude horretako: 688 698 642 telefonoan edo info@oargi.org helbidean.
Aste Santuko oporretan, bost eguneko irteera
Madril inguruko mendietan barrena ibiliko dira Aste Santuko oporretan. Bost egunez El Ortigal izeneko kanpinean izango dira, Manzanaren el Real herrian, Cantocochinos aparkalekuaren eta La Pedriza eskalada eskolatik gertu. Hauxe da egutegia:
- Martxoak 24, osteguna: 08:00etan abiatuko gara Usabal kiroldegitik. Lau eta bost ordu arteko bidaia izango dugu. Denboraren arabera, El Tranco (ordu bete inguru) edo El Yelmo (4 ordu) mendia igoko dugu.
- Martxoak 25, ostirala: La Pedriza-ko integrala deitzen dena egiten saiatuko gara: Cantocochinos, Canto de los Muertos, Collado Cabrón, Pajarito, Campana Tres Cestos, Collado Miradero, Las Torres, Cantocochinos. Zazpi edo zortzi ordu inguruko iraupena izango du, eta 1.059 metroko desnibela du ibilbideak. Tres Cestos-eko jaitsieran eskuen laguntza beharrezkoa da, baita azken kanalean ere, batik bat bustia badago.
- Martxoak 26, larunbata: Peñalara mendia igoko dugu (2.432 metro). Horretarako, kotxez 45 minutura dagoen, Puerto de los Cotos-era joango gara. Hauxe da ibilbidea: Puerto de los Cotos, Dos Hermanas, Peñalara, Claveles, Lagunas, Refugio Zabala, Puerto de los Cotos. Bost orduko ibilbidea da eta 803 metroko desnibela du. Kranpoiak eta pioleta beharko dira.
- Martxoak 27, igandea: Eskalatzeko aukera izango da. Baita beste ibilbide bat egiteko aukera: Cantocochinos, Refugio Giner, El Tolmo, Collado La dehesilla, Cantocochinos. Lau orduko iraupena eta 500 metroko desnibela duen txangoa da.
- Martxoak 28, astelehena: Itzulerako bidaia.
Pertsona bakoitzeko 120 euroko prezioa izango du irteerak, lau gauak eta bidaia barne. Egun bakoitzeko otorduak norbere kontura joango dira. Kranpoiak, pioleta eta kanpin denda eramatea beharrezkoa izango da.
Izena ematea info@oargi.org helbidean egin beharko da, martxoak 21, astelehena, baino lehen. Izena ematean 20€ aurreratu beharko dira honako kontu korrontean: 3035 0028 11 0281141038 (Laboral Kutxa).