Lasaitasuna ere eskertzen da

Erabiltzailearen aurpegia Natalia Garmendia 2019ko uzt. 21a, 11:57

Tolosan bizitzeak, festa eta ikuskizunarekin bizitzea esan nahi du. Asteburu gutxi daude ekitaldirik gabe, eta herria lasai aurkitzea arraro ikusten dugu.

Uste dut tolosarrak oso ohituta gaudela denetariko ekitaldietara, janaria dela eta hamaika gauza antolatzen dira, edaria dela eta beste hainbeste.

Kirola, musika, dantza, kultura... aitzakia guztiak dira onak ospakizunak antolatzeko eta txarangaz kalean disfrutatzeko. Baina batzuetan, lasaitasuna ere eskertzen da. Herria bake-bakean bizitzea ere gustura hartzen dela iruditzen zait.

Musikaria naizen ikuspuntutik, zarata egitea gustuko dut eta kontraesan bat bezala ikusi daitekeen arren, lasaitasuna eta isiltasuna ere gogoko ditut. Eta uste dut, nik bezala pentsatzen duten pertsona asko egongo direla. Alde Zaharrean eta erdialdean bizi garenok badakigu zertaz hitz egiten ari naizen, herri aktibo bat daukagu eta horrek suposatzen duena ere «pairatzen» dugu.

Nik aktibitatea asko baloratzen dut eta gustatzen zait, baina batzuetan, aitortu beharra daukat, lasaitasuna gustura hartzen dudala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!