Kolore batek sortzen duen ikara

Erabiltzailearen aurpegia Natalia Garmendia 2018ko maiatzaren 5a

Demokrazia batean bizi gara, edo behintzat, hori esaten digute. Bagenekien Monarkiari buruzko hitzak kontu handiarekin aukeratu behar genituela edo independentzia izendatzea arriskutsua izan zitekeela.

Uste genuen oraindik, gauzak esateko aukera geneukala, baina badirudi ezetz. Kantu egileak kartzelan, txotxongilo artista talde bat kartzelan, aktoreak inputatuak, rock taldeak zenbait hiritan betoa jarrita... Demokraziak bakarrik esan nahi duenaren demokrazian bizi gara, sistemarekin ados dagoena soilik esan daitekeen sisteman.

Are gehiago, orain horiz jantzita joatea ere, arriskutsua omen da, «libertad» hitza kamiseta batean eramatea ere mehatxu bat da, ez dakit oso ondo zeri baino mehatxua.

Jende askok sentitzen dituen gauzak adierazteak, demokrazia batean berriz diot, ikara izugarria suspertu du, baina denok dugun eskubide bat da, eta demokrazia horretan horrela agertzen da.

Iritzi eta sentimendu desberdinak egiten dute osotasun bat, pentsamendu eta postura aniztasunak aberastasuna dakar. Denok kolore berdina? Pentsamendu berbera? Identitate bakarra?

Ez, eskerrik asko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!