Badatozela

Erabiltzailearen aurpegia Natalia Garmendia 2017ko abenduaren 3a

Azaroaren bukaeran, oraindik black friday eta cyber monday eta horrelakoen ajeak irauten duen honetan, eta askoren karterak eta kreditu txartelak dardarrean daudenean, badatoz. Hemen dauzkagu Gabonak eta horrek suposatzen duen guztia, berriro ere poltsikoa prestatzen eta astintzen hasi beharko dugu. Hau pagotxa!

Dagoeneko argiak, argitxoak, apaingarriak ... eta horrelakoak ikusten hasi gara, eta horrek, lan eta dirutan zer suposatzen duen jakinda ere, bagoaz aurten ere ilusioa, elkartasuna, eskuzabaltasuna, ... eta antzekoak baditugula demostratzera. Badirudi apaindu gabeko herriak ez dituela horrelako baloreak, edo behintzat ez dituela erakusten. Eta hau guztia, erlijio kristauaren ospakizunen barruan, jaiotza baten barruan, Errege mago batzuek ekarritako oparietan oinarritua.

Baina kontzeptu eta oinarri guzti hauek, Gabonetatik kanpo ahaztu egiten zaizkigu, batez ere, balore eta oinarri horiek, erosteko ez daukatenak gogorarazten dizkigutenean. Gabonetan, errazagoa da hauek gure pentsamenduetan edukitzea.

Gaur egun, pobrezia energetikoa aipatzea Gabonetako argiak piztuta ikusterakoan ez dago ondo ikusia. Ezta neguko oporraldia horixe dela uste dugunok esaterakoan, oporraldia, eta ez kristau guztiek bere jainkoaren jaiotza ospatzen duten garaia. Ba okerrago oraindik. Hobe litzateke, argi pixka bat gutxiago gastatzea argiztatuta dauden kaleak apaintzeko, eta egunero egoera latzean bizi direnei argi pixkatxo bat eskaintzea, balore guzti horien izenean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!