Edukiontzi artean

Erabiltzailearen aurpegia Natalia Garmendia 2017ko urriaren 8a

Askotan pentsatu izan dut zenbat lan eta diru kostatzen den zaborraren kudeaketa, eta aitortzen dut, ez dudala imajinatu ere egiten noraino den garrantzitsua biztanleriaren parte hartzea. Guk etxean banatzen dugun papera, plastikoa eta abar, ezinbestekoa da birziklapenerako eta horrela helarazten digute.

Denak gara oso ekologiko, baina argi dago ez dela nahikoa. «Askotan neketsua izan daiteke...» , «nik ez dut banatzen gero kamioietan dena nahasten dute eta», «bost ontzi desberdin etxean zaborrarentzat gehiegi da» eta horrelakoak entzuten ditudanean, nire gurasoen belaunaldia dut gogoan: hondakinik gabeko bizimodua.

Gaur egun hori bere horretan planteatzea, ia ezinezkoa dela uste dut baina pentsarazi behar digu, ea benetan hainbeste hondakin beharrezkoa den ala ez, edo hori ekiditeko zerbait egin dezakegun. Hortaz aparte, ez dakit zergatik, baina edukiontzien kolorea argi dago, nik uste, hala ere badirudi batzuk ez direla ohartu.

Guztietatik txikiena dena, errefusarena da, beti dago gainezka, daltoniko asko egongo da eta poltsa bat bakarrik jaistea askoz ere erosoagoa da. Ez dut pentsatu nahi nahita egiten dutenik, hondakinak begiratu gabe botatzearena diot, edo ez botatzearena, ze... edukiontzietatik kanpo gelditzen dena?

Lehen astearteetan ateratzen ziren «trasteak» baino orain ia egunero daude horrelakoak, eta horrelakoak ez direnak.

Eta niretzako honen muga, ibaira begiratzen dugunean aurkitzen dugu: arraunak, aulkiak, seinaleak, kable elektrikoaren bobinak,... lotsagarria. Denok daukagu erantzukizun zatitxo bat, baina irtenbidearen giltza ez dago biztanlerian. Ibaiaren kasuan, erantzukizuna inorena ez dela dirudi, ez da garbitzen, txukuntzen. Edukiontzien kasuan langileek garbitzen dituzte, baina ibaia? Batelak, piraguak eta Tolosako argazkia osatzen duen ibai hori? Batean gogoratzen dut jendea ibaia garbitzen, biztanleen ekimen baten ondorioz eta ordudanik ez dut oroitzen ibaia inoiz garbitu denik.

Eta izugarrizko pena ematen dit horrelako ibai «puxka» edukitzeak, herri osoa gurutzatzen duena, eta egoera horretan ikusteak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!