ERREZETA

Basurde gisatua, Orexan bertan

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Iturrioz eta Pello Garmendia

Badira bost urte Pello Garmendiak Orexako Ostatuko ardura hartu zuenetik. Hasiera gogorra du gogoan: «Pandemia garai txarrenean ireki genuen, baina benetan sinesten genuen zerbitzu bat martxan jarri behar genuela herrian».

Prozesu baten ondorioa izan zen Orexako Ostatua martxan jartzearena: «Aurreko eredu batetik gentozen, hamar bat urtetan 15 bat kudeatzaile egon ziren bertan; modelo zaharkitu batetik gentozen», gogora dakar Garmendiak. Honela, eredu berri baten beharraz jakitun, horretan lanean jarri zen Garmendia. «Zerbitzu gisara planteatu genuen, ez helburu ekonomikoko proiektu bezala. Batik bat helburu sozialak bilatu genituen». 

Herri txikiek behar dituzte ostatuak bezalako guneak gizarteratzeko. «Denok behar dugu elkartzeko gune bat». Ostatuak aukera ematen du belaunaldi arteko transmisioan; ekintzak egiteko gune bat, eztabaidatzeko gune bat bihurtzen da. Honakoak alde dituen elementuak dira, baina bestelakoak ere izaten dira: «Hilabete amaiera». Proiektuaren nondik norakoez hitz egin du Garmendiak: «Gaur egun 6-7 laguneko taldea gaude». Zerbitzu osoan sinesten dute Orexan, eta astelehenetik igandera irekitzen dute, txandaka lan eginez —horrek langile gehiago eskatzen du—, denda bat ere badute martxan... Zerbitzu horiek guztiak eskaintzeko hilabete amaierak izaten dira konplikatuak. «Guk urteko balantzea begiten dugu, ekonomikoa eta soziala mahai gainean jartzen ditugu, sozialak irabazten du, eta ekonomikoa hilero kudeatu behar izaten dugu».

Herritarrek ostatuarekiko duten atxikimenduaz hitz egiteko sortze unera egin behar da salto. Izan ere, proiektua bera herri bileretan jaio zen: «Egia da hala ere, zenbaiti kosta egin zaiela ulertzea zertarako horrelako esfortzua, baina gaur da eguna ez dudala uste inork zalantzan jartzen duenik ostatua irekita egin behar duenik, herriaren onerako», laburbiltzen du Garmendiak.

Jatetxe bezala gainera, izena hartzen ari da Orexako Ostatua. «Guk landa eremuko bizimodua dugu, eta saiatzen gara datorrenari hori helarazten». Patxada, lasaitasuna, elkarlana... bisitariak nabaritzen ditu osagarri horiek guztiak Orexako Ostatuan.

Orexako Ostatuak eskaintzen dituen zerbitzuen artean, Ganbaran kokatuta duten bilera gela ere badago. «Neguan umeen jolas-gunea dena, herritarren ekintzetarako gunea astean zehar, jangela handiagoa behar denean, eta enpresentzako zerbitzu gunea ere bada». 

Lantalde oso gaztea dutela nabarmendu du Garmendiak: «24-32 urte bitartekoak dira hemengo langileak». Azken fitxajea Tolosatik iritsi zaie, aitona orexarra zuen: Mikel Iturrioz. Raku tabernako semeak berak prestatu du gaurko errezeta.

Sukaldean pausoz pauso, Mikel Iturriozen esanetara: basurde gisatua

Lehenik eta behin, barazkiak moztuko ditugu eta oliotan su eztitzen jarriko ditugu. Jarraian, ardo beltza eta cognac-a gehituko dizkiogu. Gatza, hurrengo pausoan, norberaren gustura botako dugu. 

Haragiaren txanda izango da segidan; basurdea zatitan moztuko dugu. Eta haragia oliotan gorrituko dugu. Hurrengo pausoan haragia egostea egokituko zaigu. Haragia zaharra edo gaztea, arra edo emea izan, egosteko denbora gehiago edo gutxiago behar izango du. Honela, puntuan ateratzeko erraza izan daiteke zatiak kazolatik ateratzea eta probatzen joatea, samurra egon arte.

Saltsa preparatzea izango da hurrengo pausoa. Berdura guztiak ur apurtxo bat gehituz birrinduko ditugu eta kazolan bertan gehituko genituzke. Basurdea eta saltsa batera ditugunean, beste 30 minutuz egosten utziko dugu. Azkenik, txanpiñoiak eta ilarrak, bakoitzak bere gustuaren arabera, gehituko ditugu.

Apaintze aldera, patata frijitu batzuk gehitzea aukera ona izan daiteke. 

OSAGAIAK

  • 2 tipula handi.
  • 2 porru.
  • 1 sagarra.
  • 3 baratxuri hortz.
  • 3 azenario txiki.
  • 2 piper berde.
  • Gatza.
  • 1 baso, ardo beltza.
  • Baso erdia, cognac-a.
  • 1.200 gr basurde.
  • 3 ml tomate.
  • 1 koilarakada, piperbeltz gozoa.
  • 100 gr txanpiñoi.
  • 50 gr ilar.
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!