Begiekin grabatzen

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2017ko uzt. 2a, 09:54

Oraina da, eta grabatzen ari bazara, galtzen ari zara». Robe Iniesta musikaria Extremoduroko kidea bira egiten ari da bakarka, eta kritiken artetik, haren erabaki batek bereganatu du arreta: debekatu egin du argazkiak atera eta bideoak grabatzea.

Ohar batean azaldu duenez, «kontzertu bat katarsi kolektibo bat bizitzeko toki bat da», momentu bakar bat, eta, horregatik, ikus-entzuleei eskatu die telefonoa itzalita edo gutxienez isilduta eduki dezatela, «deskonektatu ahal izateko eta momentu bakar hori bizitzeko». Arraroa behar du izan parean ehunka lagun izatea, zuri begira, zure abestiak kantatzen, eta aurpegirik ez ikustea; telefonoen argiak, besterik ez. Erabakia gehiegizkoa da batzuentzat, baina eska daitekeen gutxienekoa da.

Gehiegizkoa da, beharbada, Suitzako Bergün edo Bravuogn herriak egin duena: hark ere argazkiak ateratzea debekatu du. Horrelako erabaki bat hartzen duen Europako lehen herria da. Udalak emandako argudioak, ordea, funtsik gabekoa dirudi: «Ez dugu nahi gure paisaia ederren argazkiak ikusten dituen jendea triste egotea. Zientifikoki frogatuta dago sare sozialetako oporretako argazki ederrek triste sentiarazten dituztela lagun asko, ezin dutelako han egon». Susmoa dago ez ote den turismo bulegoaren kanpaina bat, herriari publizitatea egiteko. Errespetatzen ez duenarentzat, badaezpada, 4,5 euro inguruko isuna jarri dute.

Isunak jartzearena serio planteatzekoa litzateke beste kasu batzuetarako. Sarako kobazuloetan gertatu zitzaigun, orain bi hilabete. Bisita gidatua hasi aurretik, gutxienez bitan errepikatu zuen gidak, argi, denek entzun eta ulertzeko moduan: ezin dira argazkiak atera, saguzarren espezie babestuak baitaude. Ez genituen hamar minutu ere egingo lehen klisk-a entzun genuenerako. Lehena, ez baitzen azkena izan. Taldearen erdi-erdian reflexa atera, eta klisk bat, hiru, bost, zazpi… Behin bidea irekita, pare bat atera zizkion gero ama batek alabari, erdi ezkutuan, berealdiko balentria egiten ariko balitz bezala.

Mailarik gorenena opor garaian iristen da; lekua turistikoa bada, zer esanik ez. Abisatu zigun lagunak Kroaziako Plitvice parke naturalera joan aurretik: «Hobe duzue Urederrara joan, polita da berdin-berdin, eta lasaiago ibiliko zarete». Arrazoi. Momentu batean, hain zen leku estua eta hainbesterainokoa zen geldirik argazkiak ateratzen ari zen jende multzoa, non besteen telefonoen pantailen bidez ikusi behar izan baikenuen inguruko paisaia. «Oraina da, eta grabatzen ari bazara, galtzen ari zara». Eta besteei galarazten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!