Gezurren bitaminak

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2017ko api. 30a, 13:12

Edan esnea, ona da hezurrentzako. Ez, ez, hori lehen zen; helduentzat ez da horren ona, laktosa digeritzeko zaila da eta... Goizean hobe laranja zukua, C bitamina asko du, eguna hasteko aproposa. Baina, itxaron, ez: baso bat zukuk azukre gehiegi dauka.

Hobe fruta osorik jatea, bost pieza egunean, denetarik: platanoa, txermena, kiwia, melokotoia, sagarra... Sagarra agian ez, gasak sortzen baititu. Melokotoia… fruktosa gehiegi. Hobe bazkaldu aurretik edo bukaeran? Barazkiak, oso onak. Tomatea, adibidez, osasuntsua eta freskagarria. Ez, ez, ezta pentsatu ere, substantzia toxikoak ditu.

Eta zalantzak (ez) argitzeko, hango mediku eta hemengo aditu, norbera berearekin. Mila ikerketa, eta haien beste mila interpretazio. Bi minututik behin (minutuero ez esateagatik) ateratzen da: «Ez dakit nongo unibertsitateko talde batek aztertu eta ondorioztatu du…» Eta hor beste azterketa bat egin beharko litzateke, ikusteko ikertzaileek ondorioztatu dutenetik guregana iristen den informaziora dagoen aldea. Tentazio handia baitira «ez utzi errealitateak titular on bat honda diezazula» araua jarraitzen duten «kazetari» deiturikoentzat. Horrela gertatu zen oliba olioarekin. 40 marka aztertu, eta ondorioztatu zuten oliba birjin extra bezala saltzen ziren batzuk birjin besterik ez zirela; kasu batzuetan birjin ere ez. Baina erraza da testuari harridura ikur batzuk jartzea eta toxiko hitza tartean sartzea. Eta alarma sortu zuten.

Berriki panga erretiratu dute, palma olioa debekatzeko eskatzen ari dira... Orain gutxi, bi sukaldarik emandako hitzaldi batean, zer-pentsatua emateko modukoak esan zituen haietako batek. Azaldu zuenez, euren lehen egitekoa ez da bezeroentzako errezetarik onena pentsatzea; produktuak erosterakoan hasten da arazoa. Gehiago serio brometan baino, esan zuen: «Beldurra dugu egunero. Orain hori debekatu dute, eta agian nik erabiltzen nuen lehen egunero… Gure erantzukizuna da zuei pozoia ez saltzea: zer emango diegu gaur, ez daitezen hil hamar urte goizago?».

Eta gezur-egien, gomendio-debekuen labirintoan galduta dabilenarentzat, to asmakizun batzuk. Hilabete honetakoa da hau: «Adi! Jende asko hil da listeriak kutsatutako sagarrak jateagatik. Mundu osoko sagar guztiak AEBetara bidaliko dituzte, ikertzeko. Momentuz, ez jan sagarrik». Oharraren edukia zentzugabe samarra bada, zer esan Espainiako Poliziak bere Twitterrean emandako erantzunaz: «Edurnezurik ere ez luke gezurra irentsiko. Keepcalm, eta jan itzazu sagarrak». Baina… sagarrek ez al zituzten gasak sortzen?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!