Hala ere, urrutiegi joatea da Libertad Digital aipatzea. Beste atari askotan bezala, Berria-n ere badago iruzkinak egiteko aukera. Komentario gutxi egoten dira normalean. Azken egunetan, ordea, albiste batzuek jaso dituzte dezente, Nekane Balluerka EHUko errektore berriaren aukeraketak eta hura hautatzeko bozketa egunean Leioan izandako istiluek, adibidez.
Baina egun horren biharamunean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna zen. Beste artikulu batek igo zuen asteko iruzkinen marka: Nafarroako Hitza-n argitaratutako eta Berria-ren webgunera ekarritako Beren bidezko defentsan erreportajeak. Horretan, autodefentsa feministari buruzko gogoeta bat egiten zuten hainbat taldek. Indarkeria matxista, mugimendu feminista edo ahalduntzea aipatzen diren bakoitzean gertatzen den bezala, eztabaida sortu zen albistearen azpiko lerroetan. Eta eztabaida horiek sortzen diren gehienetan bezala, emakumeen kontrako iritziak azaleratu ziren nabarmen, askori izen anonimoak ematen dien ausardiarekin. Mezu bat: «Emakumeak beti protestan: txuria denean, txuria delako, eta beltza denean, beltza delako».
«Ezkutuko haserretuez» hitz egin du aurten nazioarteko gaurkotasun mintegian Jesus Torquemada adituak, Tolosan. Esaten zuenez, errazagoa da konforme ez dauden ezkertiarrek euren iritzia azaltzea, kalera ateratzea, M15 mugimenduan egin zuten bezala. Eskuinekoen «haserrea», aldiz, ez da neurtzen hain erraza. Adibide modura, bi gertaera: Trumpen garaipena Ameriketako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuko brexit-a. Inkestek huts egin zuten. AEBetako inkestetan, ezkutuan zegoen langile klase zuriaren haserrea zenbaterainokoa zen, eta Erresuma Batuan, adinekoen artean, «garai bateko inperioaren nostalgia»: 24 urtetik beherako gazteen %64 geratzearen alde agertu ziren, eta 65 urtetik gorakoen %58 ospa egitearen alde.
Frantzian hurrengo urtean dauzkate presidentetzarako hauteskundeak, eta inkestagileek adi jokatu beharko dutela dio Torquemadak, Marine Le Penen aldeko botoa neurtzeko. Baina neurtzeak balioko al du? Balio al du ezkutukoak eta anonimoak agerian uzteak? Alferrikakoa da azalekoari hautsa kentzea oinarria ustela badago. Frantzian, AEBetan, Losantosenean eta gurean.