Bittorrek Idoiari

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2016ko ira. 25a, 08:03

Patxi Lopez lehendakari izatear zela ezagutu genuen elkar. Espainian Rajoy ez zen presidente oraindik, baina ordurako bazebilen Mariano izena gure artean. 

Leioako unibertsitatean matrikulatuta zegoen jendearekin konpartitzen nituen iluntzeak eta gauak, han inguruko egoitza batean ezin esan denak ikasleak zirenik. %80 errioxarrak ziren, nafarren bat ere bazen, eta Arte Ederretako Irungo kuadrilla txiki bat. Euskaraz ikasten eta egunerokoan erabiltzen zuen bakarrenetarikoa nintzen, bai han eta baita handik kanpo ere. Ez dakit ezberdinarekiko kuriositateagatik, edo, besterik gabe, adin berekoak izateak zekarren gertutasunagatik, baina segituan lagun egin ginen.

Errioxako herri txiki batekoa da bera. Zientzia Politikoak ikasten zebilen, eta argi baino argiago zeuzkan bere ideiak. Eta siglak: PSOE. Gaizki gogoratzen ez badut alderdian izena emanda zegoen ordurako; 18 urte izango genituen. Bere herriko zinegotzi izan da gero, oposizioan lehenik eta agintean ondoren, eta diputatu Errioxako Parlamentuan.

Erosketak egitera joan ginen batean, nola egin zuen barre La Española azeituna lata erosi nuelako. Gutxienez bi hilean behin gogorarazi zidan elkarrekin bizitzen egon ginen denboran, baita geroko urteetan ere (hain aspaldikoa ez den Whatsapp bat aurkitu dut...). Ibarraetarra ote nintzen galdetzen zidan, eta ea esan zezakeen PSOEtarra zela. Brometatik aparte, interesez galdetzen zidan politikaz eta Euskal Herriko Euskadiko berarentzat kontuez. Gauza askotan ez geunden ados, baina orduan konturatu ez arren, asko ikasi nuen berarekin hizketan.

Bazeukan euskarekiko interesa eta gertutasuna. Nola ez gogoratu beraz PSE-EEk kanpainan egin duen bideoa ikusi ondoren. Mezu bat idatzi nion joan den astean. Iskin egin ez zezan suabe egin nuen sarrera, bestelako kontuak tartean sartuta; gaiaz bitan galdetuta, ordea, ez zidan erantzun. Gasteizen eta Bilbon egon dela alderdiaren kanpaina jarraitzen, Gipuzkoara ez dituztela ekarri...

Ia ziur nago, asko aldatu ez bada behintzat, ez lukeela hori babestuko. Ez nuke sinistuko. Euskal Herriaz hitz egitean beti zioen «Errioxatik behera» gauzak ezberdin ikusten zirela; bera ez zegoela ados, ezta kasuren batean bere alderdiak hartutako jarrerarekin ere. Madrilera iritsi gabe, ordea, Erribera beherakoak gogorarazi beharko litzaizkioke bere alderdiko Idoiari. Bittor Aiapek egin dezala: «Hizkuntza bakarra zen, beraientzat euskera, bai geure arbasoek, hitz egiten zutena…Baina denborarekin, euskera galtzen joan zen, eta geure arbasoak, erdaraz hitz egiten...».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!