Ez da erraza = zaila da

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2016ko uzt. 3a, 20:00

ATARIA-koek uztailaren 1erako testua enkargatu zidatenean, hauteskundeez idatziko nuela erabaki nuen. «Egongo da zerbait kontatzeko, seguru», pentsatu nuen. Ez da komentatzekorik falta, baina iritziz aldatu nuen lehengo astean, lanean (ia) egunero kontsultatzen dugun berri agentzia baten webgunean nenbilela.

Eguneko notizia irakurrienak jartzen zuen, eta azpian, honelako titularrak. Bat: Nola izorratu bizitza bost pausotan. Bi: Guardia Zibila Podemos-en autobusera igo da gerrikoak jarrita zituztela egiaztatzera. Hiru: 540 euroko isuna jarri diote emakume bati, autoaren inspekzioaren pegatina aldatzeagatik.

Egun eta momentu berean gertatzen ari ziren brexit-a Erresuma Batuan eta bake akordioa Kolonbian, batzuk aipatzearren. Zerrenda hori ikusita, beste behin pentsatu nuen: Zenbat jendek irakurriko ditu egunkarian idazten ditugun artikuluak? Zenbatek irakurriko dute titularra? Behintzat. Zenbat iritsiko dira sarrera irakurtzera? Bada zerbait. Eta zenbat testuaren hasierara? Ezin kexatu. Bukaeraraino iristen denaz norbait baldin badago, ez dakit zer esan: edo bene-benetan interesatuta dago, edo denbora asko du, edo sinatzailearen laguna-familiakoa da.

4.000 karaktereko orri bat betetzea ezin da denboran neurtu. Toka dakizuke inkestagile aritzea kalean, elkarrizketatzaile telefonista, kronikagile harrapakari edo prentsaurrekoko monigote eseri eta entzun. Aproba eginez gero, tartean tokatuko zaizkizu «bai» eta «ondo»-rekin erantzuten dizutenak, orri erdirako hiru orrirako edukia ematen dizutenak eta baita erantzun nahi ez dutenak ere. Tokatuko zaizkizu aste berean alarde kontuak eta musika emanaldiak. Pastelak eta metroa. Kanpainak eta hondakinak. Eta gai (are) astunagoak, non jendeak paso egiten duen.

Ni ere paso egitera nindoanean, hauteskundeez diot, Mariano agertu zen pantailan, igande gauean: «Gabon, gabon, bueno, gabon denoi, bueno, gabon». Hasiera landua eman zion garaipen diskurtsoari. Noski, segidan aitortu zuen «bizitzako diskurtso zailena» zela. Irakaspen handi bat behintzat utzi digu agerraldi horrek (ez bakarra), bizitza osoan gogoratzeko moduko baieztapena: «Ez da garai erraza izan, beste modu batera esanda, oso zaila izan da». Sakona. Ahaztezina. Horregatik, eta poltsikoratu dituen 7.906.185 botoak ikusi ondoren, lehen aipatutako webgunean sartu naiz berriro: Nola izorratu bizitza bost pausotan. Pesimista ez izateko gomendatzen dizu, ez emateko lehentasuna pentsamendu negatiboei. Ez da erraza izango; hau da, zaila izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!