Autoa kargatu eta txakurrak deskargatuta, makurtzeko detailea ahaztu zitzaion bateren bati. Niri oraindik ez zait ahaztu ba, ezta nire usaimenari ere.
Aurreko astean-edo atera zen telebista eta egunkarietan txakur kaken mapa osatu dutela Madrilen. Udalak marroi kolorea jarri die kaka gehien pilatzen dituzten auzoei. Erroldaren arabera, 270.281 txakur daude hirian Donostiako biztanleria osoa baino gehiago!. Arau-hauste larria izango da kaka ez jasotzea, eta, ondorioa, isuna: 751 eta 1.500 euro arteko isunak, eta ordaindu nahi ez duenarentzat, kale garbiketa lanak asteburuetan 09:00etatik 14:00etara arte.
Baina minak zapaltzeko arriskua hementxe bertan dago, ez dago Madrilera joan beharrik gaur Berria-k hainbat adibide dakartza gaiaren inguruan. Tolosan ere badaude, noski. Larramendi auzoaz kexu dira bi herritar udalak webgunean daukan Parte Hartzen atalean. Horietako batek isunak jartzea proposatzen du, autoa gaizki aparkatuz gero udalak egiten duen bezala. Hala dio: «Tristea den arren pertsonok ez dugu bestela ikasten. Auzo honetan dagoen zibilizazio faltarekin udalak diru iturri berri eta emankor bat edukiko du auzo honetan». 2014. urte bukaeran mapa osatu zuen udalak herritarrekin; ez txakur kakena, baizik eta kakentzako ontziena. Urte horretako erroldaren arabera, 1.600 txakur daude Tolosan Asteasuko herritarrak bezain beste, eta parte hartze bidez, 15 gunetan ezarri zituzten edukiontziak. Gehiengoak erabiltzen dituen, hori ez dakit; bistan denez, guztiek ez, behintzat.
Kontzientziazioa eta sentsibilizazioa asko aipatzen dira azken aldian gai askoren inguruan: bide segurtasuna, sexu erasoak, birziklatzea...Zalantza daukat kanpainak eraginkorrak ote diren, baina lelo erakargarri batek asko dauka irabazteko. Txakur kaken kanpainetan, badira irudimena jartzen saiatu direnak. Lemoizen (Bizkaia), adibidez: Onartu, zure txakurra ez da inola ere artista. Jaso ezazu.
Ez daukat txakurrik, ezta izango ere, baina Larramendiko auzotarraren proposamena kontuan hartuta, prest nengoke TTBn lan egiteko. TAO zerbitzukoek jarrai dezatela autoei isunak jartzen, eta Txakur jabe Txerrien Brigadan arduratuko gara zibilizatu gabeko txakur jabeei eskarmentua emateaz.