Kristorenak

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2016ko api. 10a, 19:00

Ataria-ko gaurko saioa
zergatik egin bertsotan
askoren ustez neurriak asko
inporta baitu askotan.
Kristo guztiak kristoren planak
eginak Aste Santutan bueltan
etorri berri bazara
errepaso bat puntutan

Kristoren kolak, auto ilarak
ordainlekuez harago
telebistetan esanda ere
alde egiterik ba al dago?
Penarik ez dut zu ikusita
izorratuta ni nago
oporrik gabe eta etxean
zuri begira bainago

Kristoren jaia Vargas Llosaren
80 urte ospatzen
400 lagun trajeatuta
koktel onak zurrupatzen.
Egin ditzala beste 80
400ak gonbidatzen
baina hoiek denek ba al dakite
poza ez dela makillatzen?

Kristoren giri kuadrilla handiak
Loiun eta Barajasen
batzuk egunak Erroman eta
besteak han, Caracasen.
Lagun talde bat Grezian izan da
hotel cuatroestrellasen
eta lagunak galdetu dio:
'Egon zarete Lesbosen?'

Kristoren lanak Arcelorreko
langileek dauzkatenak
lanari eutsi ahal izateko
ahalegin inportanteenak.
Opor osteko aste honetan
negoziaziotan lehenak
itx dezatela ituna eta
ireki fabrika denak

Kristoren zama eskualdean
beste enpresa bat itxita
Villabonako Laga fabrika
milioiko zorrak utzita.
Langile asko hainbeste urtez
hor lanean edukita
merezi al dute erretiroa
ez uztea idatzita?

Kristoren ordu pila sartuta
atera gabe etxetik
kultur etxea izan da orain
eta Ezpala aurretik.
Tolosan pozik gera daitezke
toki txukun bat izanik
gazteen pankartak dion bezala
indarrak ez du etenik

Kristoren saltsik ez zen Espainian
Iglesias-Sanchez-Rivera
esango zuten ze inporta du
egun batzuk gorabehera.
Aurrera ez doan kontua denez
atzeratzea atzera
zalantza daukat datorkiguna
ez ote den gauza bera

Kristoren festa izan da berriz
Hernanin eta Zarautzen
zerbeza eta sagardoakin
tripak ta lurrak betetzen.
Txotxan garaia Aste Santuan
ohi da urtero bukatzen
bizilagunei penitentzia
gehiegi ai zaie luzatzen

Kristoren berri ona omen da
langabezia jaistea
dudarik gabe hobea ez da
Lanbide kolapsatzea.
Aste Santuan egin baitute
'merkealdien astea'
gutxi pagatu ta erdi prezioan
bizpahiru kontratatzea

Kristoren lista, luze-luzea
Panamatik etorria
oporren bueltan izan dezagun
konbertsazio iturria.
Dirudienez hortikan salbu
ez dago Euskal Herria
baietz agertu egun gutxitan
beste batenbat b(z)erria...

Bistan dagonez inguru honetan
ez da askorik aldatu
hurrena hortaz hobe pentsatu
eta ez zaitez bueltatu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!