Azken egunetan homeopatiari lotutako albiste-iritzi dezente atera dira, batzuk kontra, besteak alde. Aurretik esatera noa ez naizela biologo, mediku, zientzialari. Herritar bezala eta erabiltzaile izan nintekeen bezala, iritzi bat besterik ez dela. Begira Lucia Etxebarria idazleari: homeopatiaz hitz egitera gonbidatu dute mahai inguru batera, eta gaiaz hitz egiteko formaziorik ez duelakoan, kritika piloa jaso du. Bere erantzunak ekarri duen sokak beste artikulu bat mereziko luke...
Goazen homeopatiara. Jakin berri da Bartzelonako Unibertsitateak bertan behera utziko duela Homeopatia masterra, «oinarri zientifiko falta» argudiatuta. Duela gutxi ere, Elhuyarrek homeopatiaren definizioa berritu du, eta honakoa gehitu: «Ikerketa zientifikoek agerian utzi dute ez dela plazeboa baino eraginkorragoa». Eta Bartzelonako masterraren albistetik astebete baino gutxiagora, Boiron multinazionalak agerraldia egin du: homeopatiaren kontrako kanpaina salatu du, baina aldi berean onartu du ez duela beren produktuen funtzionamendua ezagutzen. Ezagutu gabe ere, iaz 607 milioi euro fakturatu zituen multinazionalak. Hor datua.
Mesfidati izatera eraman naute irakurritakoek, eta gehienbat, baieztapen sendo honek: «Ikerketa zientifikoek ez dute topatu homeopatiaren eraginkortasuna ziurtatzen duen froga objektiborik». Aldi berean, ordea, ikusi dut badagoela, multinazionalez gain, homeopatia babesten duen jendea. Euskal Herriko homeopatiaren erabiltzaile eta lagunen elkartea dago gurean, eta zenbait mediku eta zientzialarik ere bat egiten dute metodoarekin. Horren erakusle da maiatzean Donostian egingo duten Homeopatia Kongresu Nazionala. «Sendatzeko beste bide bat» bezala aurkezten dute homeopatia, eta horrela azaldu: «Osasun kontzeptua egoera orekatuan eta ongizatean egotearekin lotzen dugu, bai norbera bere buruarekin eta baita ingurukoekin ere. Posible al da hau lortzea gaur egungo gizartean? Nahiz eta ez izan beti guztiz lorgarria, gure ahaleginak hori lortzea du xede».
Berriro diot ez naizela biologo, mediku, zientzialari. Eta ez naizelako, gustura entzungo nituzke aldeko eta kontrako gehiago. Momentuz ez dut sinesten, gaztetzen duten kremetan eta burusoilek dakarten zortean sinesten ez dudan bezala.