Madrilen gertatu zen pasa den astean, kaleen izen frankistak direla eta. Memoria Historikoaren Legea betetzeko bidean, frankismoarekin lotura duten kale eta plaza izenak aldatzeko lanean ari dira hainbat udal. Dirudienez, Madrilgoak izen zerrenda bat enkargatu zion Unibertsitate Konplutentseko Memoria Historikoaren katedrari, eta hara non filtratu diren zerrendako izenetako batzuk: Salvador Dali margolaria eta Josep Pla idazlea agertzen dira, beste artista eta idazle askoren izenekin batera. Tolosan Emeterio Arrese edo Lopez Mendizabal aldatzea proposatuko balute?
Duela 39 urte onartu zuten kale izendegi berria Tolosan. Herrian geratzen ziren 36ko gerrako eta frankismo garaiko azken sinboloak erretiratzea ere iaz erabaki zuen udalak, Aranzadi elkartearen laguntzaz. Inguruko herri askotan gertatu bezala, Tolosan ere izan zen garai hari erreferentzia egiten zion izenik. Adibide bat: Zumarditxikia. 1789an eraiki zuten; 1939an, ordea, udalbatzak Paseo del Generalísimo Franco izendatu zuen. Herriak, hala ere, jatorrizko izena erabiltzen jarraitu zuen. Egungo izenekin ere horrela da kasu askotan, erabilera izen ofizialei gailentzen zaiela: Pista de patines (Lizardi plaza), Parke Jurasikoa (Armeria plaza)...Tontokale ere bai. Maria Luisa Agirre doktorearen plaza da gaur egun, baina Tontokale deitua da jendea tonto-tonto aritzen zelako berriketan -eta aritzen delako-. Alegian ere bada Tontokale bat.
Agirre doktorearena da Tolosan emakume izena duen kale edo plaza bakarrenetarikoa. Gutxi dira orokorrean ere, pixkanaka gehitzen doazen arren: Hernanin, Andrekale izena berreskuratu dute urteetan Kardaberaz izan denean; Donostian, emakume zigarrogileen omenez jarri diote izena Tabakalera parean sortu den espazioari.
Bilbon, herritarrek aukera izan berri dute euren hiriko kale eta plazentzako proposamenak egiteko. Udalak prozesu bat ireki du Memoria Historikoaren Legea betetze aldera, eta bi aste pasatxotan 600 proposamen baino gehiago jaso ditu. Horretan ere, emakume izenak sustatzeko deia egin du. Denetik dago proposatutako izen zerrendan: Marivi Bilbao aktoreari eskainitako kalea, Euskaldun berrien kalea; Aste Nagusia kalea, Jose Angel Iribarrena...
Zuk, aukera izango bazenu, nori edo zeri jarriko zenioke kale bat?