Badatoz Inauteriak 2016!

Urdangarin eta Vatikanoa

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2016ko urt. 17a, 10:00

Iñaki etxera! Urdangarin eta Cristina Borboikoaren ustezkeriak argitara atera zirenetik asko jarri dira haien lekuan, Iñakirenean bereziki. Ez dakit Zumarragan jaioa izateagatik edo, baina Tolosan pertsonaia ez da oharkabean pasatu. Euskal Herrira itzul dadin ere eskatu izan dute.

Aproposak dira karnabalak horretarako. Aste honetan erabateko gaurkotasuna hartu du berriro gaiak, bikotearen eta beste zenbait kideren kontrako epaiketa hastearekin. Azken urteetan karnabaletan ikusitako Iñaki-ez gogoratu naiz orduan, eta bide batez, ohartu naiz uste baino denbora gutxiago geratzen zaigula mozorroa prestatzeko. Errepaso bat iazkoei: Pantoja, koleta luzeko politikariak, Rajoy...Hauteskunde egunetan bozkalekuetan bezala, mojek ere ez dute hutsik egiten inauterietan. Aurten, momentuz, ez dute Vatikanotik berririk ekarriko.

Uztailean ATARIA-n irakurri nuen albiste baten gaineko albistea espero izan dut hilabete hauetan, baina dirudienez, aurten behintzat ez da aldaketarik izango: ohiko hilabeteen bueltan izango ditugu inauteriak. Zera proposatu zuen Frantzisko aita santuak ekaina erdialdera: Aste Santua data finko batean jartzea; hau da, urtero, egun jakinetan izatea. Ondorioz, karnabalak ere urtero egun beretan egitea ekarriko luke horrek. Adi Frantziskoren esanari, inauterietan galtza motzetan ateratzeko «arriskua» egon daiteke eta: «Orain arte bezala jarraituz gero, urtero egun batzuk aurrerago joango da, eta 60 urte barru Pazkoa abuztuan ospatzeko arriskua dago».

Udako festak izatera pasatuko lirateke orduan. Deitura ez litzateke hain arraroa izango; duela hainbat urte, Udaberriko festak izenez mozorrotu zituzten karnabalak. Frankismo garaia zen, eta modu horretara, Tolosak inauteriei eutsi ahal izan zien. 36ko gerra betean ere, debekuei izkin egin zien Tolosak. Juan Mokoroa alkate zela, deklaratzera deitu zuen gobernadore zibilak, desobedientzia zela eta. Hala arrazoitu zion Mokoroak festa egin izana: «Armada nazional loriatsuak Malaga hartu duela ospatzen ari gara!» [Mikel Gotzon Telleria Tapiaren Tolosako Iñauteriak lanean irakurria].

Bestelako kontu bitxi asko ere badaude inauterien historian. Tartean, konfetien erabilera arautzeko bando bat, 1901. urtekoa: «Ezin dira konfetiak igandea baino lehen bota, kolore bakarrekoak izan behar dute, eta ezin dira lurretik jaso ondoren berriro bota».

Aurtengoak badatoz. Esku bakarrak ezin du txalorik jo; beraz, laguntza beharko dugu prestaketan. Galtzaundi-ren abestiak dioen bezala, Aitaren ta Semearen, Espiritu Santuaren, Jaun zerukoak lagun zaidala lan honetan neri arren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!