Zu ez zaren zu

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2015ko abe. 6a, 09:30

Gaur hasiko da abenduaren 20ko hauteskundeetarako kanpaina, eta dagoeneko erreskateaz hizketan hasi dira han eta hemen. Ez da Rajoy izan. Ez du Espainiako bankuek izandako erreskatea gogorarazi, eta ez du ziurtatu besterik beharko ez denik. Ez da Rajoy izan. Ez du telebista bidezko prentsaurrekorik eman Mediterraneotik iristen ari diren errefuxiatuentzako laguntzak iragartzeko. Botoen erreskatea da martxan dagoena, baina ez dator politikarien aldetik.

Honela dio Marea Granate mugimenduak martxan jarri duen egitasmoak: 'Zuk botoa eman dezakezu, eta ez duzu nahi. Nik botoa eman nahi dut, eta ezin dut'. Bi pertsonen arteko truke bat da: abstentzioa boluntarioki aukeratuko lukeen norbaitek botoa uzten dio abstentzioa behartuta aukeratuko lukeen beste norbaiti. Bultzatzaileek diotenez, krisi ekonomikoa eragin duten arrazoi eta eragileen aurka borrokatzea dute helburu, horrek behartu baititu hainbat herritar emigratzera.

Proposamenak, hain justu, edozein arrazoirengatik botoa eman ezin duen emigratzaile bat eta boto emaile bat jartzen ditu harremanetan, mezu elektroniko bidez. Hortik aurrera pribatuan doa prozesua bi pertsonen artean: botoa nori eman nahi dion esango dio batak besteari, eta hura izango da hauteskunde egunean botoa kutxan sartuko duena, bere izenarekin, baina beste baten izenean. Bera da hauteskunde mahaikoen zerrendako izen-abizenetan, bera da NAN zenbakian, baina erabakian ez da bera.

Norbera izan baina aldi berean ez izan. Horren adibide da joan den igande arratsaldekoa ere. Unai Agirrek irabazi zuen bertsolari txapelketako finalaurreko saioa Tolosan, baina finalerako txartela lortu zuena ez zen oholtzako Unai bakarrik izan. Besteek bezala, denbora gutxian traje asko jantzi eta erantzi zituen, denak gorputz ezberdinetan, baina berean aldi berean. Langabezian zegoen Unaik, egonarri handiko gibela zuen Unaik, lantegi bateko nagusi Unaik, eta kanpora lanera joatea erabaki zuen Unai gazteak irabazi zuten saioa. Pertsonaia horiek eta Agirre abizeneko Unaik lortu zuten lehenak izatea. Nork zer kantatzen duen garrantzitsua da noski, Beñat Gaztelumendik saioko lehen bertsoan bota zuen moduan: «Guk esaten dugunak gugatik asko esaten du».

Orrialde honen goialdean ere badaude artikulu honen egilearen argazki eta izen-abizenak. Nola jakin, ordea, Maite ez den Maite bat ote dagoen. Dena beti ez da dirudiena. Oro ez da urre.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!