'Ama' deitzen diote Inesek eta Jorgek Marisoli, eta hark irribarre batekin zabaltzen dizkie besoak. Interesgarri bezain hunkigarria da Chema Euskal Herriaz hitz egiten entzutea: euskara ikasten serio jartzeko esaten die seme-alabei, norbait norabait badoa hango hizkuntza ikasi behar duela derrigor.
Anai-arrebekin batera, gurasoak ere ari dira hitzak ikasten. Bazkalosteko hizketaldietako batean, Marisolek bere burua zuzendu du 'vasco' esan orduko: 'Vasco no, perdón, euskera!', dio s-a desagerrarazten duen Extremadurako azentuz. Vafalik ere hartu dio traza hango hizkerari, eta tratuaren ordainetan, elebitan eman die esker ona gurasoei: 'mucha gracia, eskerrik asko'. Amaiak eta Maitek motxila bete hitz dakarte, Extremadura aldean erabiltzen dituzten hitzekin: veliqui (hemen dago), farraguas (arlote), fusca (apurrak)... Caceres iparraldean hizkuntza gutxitu bat badela ere ikasi dute: Fala. 6.000 lagunek duten altxorra da: hiru herritan baino ez da hitz egiten.
Egongelan lauburu bat dute gurasoek, seme-alabek oparitua, eta Gabonetan Olentzero hartzen dute etxean, Ama Noelekin batera —Norvegiako Julenissen ere ezagutzen dute, Ines han bizitzen egon zenekoa-. Tertulian ari direla, Euskal Herria nola ikusten duten galdetu die Chemak euskaldunei. Egoera politikoaz aritu dira, gazteek lanerako dituzten zailtasunez... Adi entzun die Chemak, eta bi aldeko gogoeta jarri du gero mahai gainean: pena du ifrentzuan, eta itxaropena aurkian. Pena inguruarekin. Pena, horrenbeste maite duen herriari ez diolako aurrerabiderik atzematen. Aurkian, berriz, seme-alabentzako etorkizuna ikusten du: etorkizun ona, oso ona, Euskal Herrian.
Bi urte dira Jorge Bilbon bizi dela, eta urtebete pasatu da Ines gurera etorri zenetik. Noiz arte ez dakiten arren, gustura dabiltza Euskal Herrian. Gustura doaz Amaiak antolatutako Alde Zaharreko triki poteoetara; gustura, inguruko parajeak ezagutzeko egiten dituzten asteburuetako txangoetara.
Birikak airez eta burua hausnarketaz betetzen du halako jendea ezagutzeak. Jarrera kontua da. Ines eta Jorgek bertatik edaten dute, egunerokotik, eta ia 700 kilometrotara iritsarazi dute emaria. Urrutitik badator ere, Marisol eta Chema ere hortik edaten doaz, bai baitakitelako seme-alabek eramandakoa bada, kutsatu ez, aberastu egingo diela. Horrelako gehiago behar ditugu. Veliqui behar duguna.