Ez begiratu, mesedez

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2015ko ira. 13a, 09:30

Legeak betetzeko daudela esaten ari zaio Rajoy Masi. Berdin dabil Mendez de Vigo ministroa, LOMCEren ezarpenaz. Protokoloak hausten, berriz, Europako agintari asko, errefuxiatuak babesteko nazioarteko itunak errespetatu gabe.

[Bai? Zein da? No, no, lo siento, no me interesa; no, de verdad, gracias]

Esaten ari nintzen bezala, komenientziaren arabera doa arauak betetzearena. Inguruko gauza «txikietan» ere pasatzen da. Teknologiak eboluzionatu arren, Eskuko Telefonoarekin Izan Beharreko Portaera Onen Protokoloak bete gabe jarraitzen du lehenengo Alcatel-adreiluak erabiltzen hasi zirenetik. Hala dio protokoloaren ataletako batek: «Tarteka begira dezakezu pantaila, bereziki deiren bat espero baduzu, baina, mesedez, jendearekin bazaude, utzi etengabe begiratzeari».

[@ +665 31313ren mezu bat]

Barkatu. Gaiarekin jarraituz... Hamar egunez telefono gabe egoteak baieztatu dit zenbat kalte egin dezakeen Internetdun sakelako telefono batek jende multzo baten artean. Oporretan, estaldura galtzearekin batera entretenimendua irabazi dugu. Posible dira oztoporik gabeko elkarrizketak eta bibraziorik gabeko otorduak. Google ez izateari esker, minutu batean argituko genituzkeen zalantzak joko bihurtu ditugu; apustuak egin ditugu, telefono zenbakiak memorizatu eta kaleak topatzeko jendeari galdetu.

[Mezu berria sarrera ontzian: 'Kutxabank-en buletina bezero titularrentzat…']

Propaganda berriro…Ba hori, portaera onen protokoloak bestelako jarraibide batzuk ere ematen dituela: «Jendearekin bazaude, dei motzak egin, eta hartzen ez badute, ez deitu berriro oso garrantzitsua ez bada. Ez hitz egin altu; ez hitz egin antzoki, zinema eta hitzaldi geletan; igogailuan, trenean edo autobusen hitz egitea ere ez da egokia». Musika altuan jartzearenak beste atal bat mereziko luke...

Baina oporretatik bueltatzearekin batera, bueltatu gara lehengora. Autobusean esku artera begiratzera, ezer esaten ez duten mezuak idaztera, eta ezertarako balio ez duten «albisteak» irakurtzera. Ni ere bai. Ez dakit nola iritsi naizen, baina Population.io webgunean deskubritu dut 2081ko ekainaren 4an hilko naizela. Hau kontatzen hasita, idazten jarraitu nahiko nuke, baina eginbeharrak dauzkat. Bazkaria prestatu behar dut gonbidatuak etorri aurretik. Ailegatzen direnean prest ez badago, haserretu egingo dira, eta alde egiten badute, jai daukat. Badakit benetan ez direla pertsonak eta ez direla haserretuko, irabaziko dudan dirua ez dela erreala, eta joko bat besterik ez dela, baina… Ez molestatu, mesedez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!