Gaindosia

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2015ko uzt. 12a, 10:00

Gaixotasun bat hartzeko arriskuan banengo bezala, berrogeialdian egon nintzen pasa den aste hasieran.

Gortinak itxita eta argiak itzalita etxean nengoela, irratia piztu nuen. Orduan entzun nuen James Bayren Hold back the river abestia, top zerrendaren berrogeigarrenean. Telebistan, Grezia eta erreferenduma errepikatu zituzten berrogeitaka aldiz, eta oso aspaldiko partez, teletestuan begiratu nuen programazioa. Spielbergen Jaws pelikulak lau hamarkada egin berri dituela eta, kateren batean emango ote zuten ikusi nahi nuen; ez nuen, ordea, inon topatu.

Okupatuta egoten saiatu arren, ez nuen lortu: gaindosia izan nuen. «Adi datozen egunetan, sekulakoa dator». ATARIA-n ere abisatu ziguten Adur Gorostidik eta Iker Ibarluzeak, bertsotan eta eguraldi iragarpenaren bidez. 40 gradu zetozela esan zigun Euskalmetek, informazioa zabaldu zuten albistegiek; alarmistenek, alerta gorria jar zezaketela komentatu zuten. Ondo dago abisatzea, aholkuak ematea, baina behin eguna pasata, ez al da nahikoa? Badakigu beroa egin duela, enteratu gara.

Aste barruko beroaldia pasata, astebururako eguraldiaz interesatu nintzen: 'Ikus ezazu datozen orduetarako eguraldiaren iragarpena' bideoan sakatu nuen. Baina bideoaren titulua ez zegoen ondo. Hau litzateke zuzena: 'Ikus ezazu datozen orduetarako eguraldiaren iragarpena atzoko eta gaurko tenperaturak konparatu, atzoko tenperatura hotzenak non izan ziren jakin, sateliteko sekuentzia errepasatu, eta egunean ateratako dozena erdi bat argazki ikusi ondoren'. Lorentxori, Txomini eta beste lagun askori meriturik kendu gabe, haien argazkiak iritsi aurretik eman nion Stop-ari. Baina lasai, azkar enteratu nintzen. Uste nuena baino inguruko jende gehiagok du Eguraldia-ren tartea galdu ezinezkoen artean.

Matrakak kuriositatea eragin zidan, behintzat: zein izango da inoiz Lurrean izandako tenperaturarik altuena? 56,7 gradu, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera. 1913ko uztailean, Kalifornian, Heriotzaren haranean. Hala ere, urte askoan uste izan zen Libiak zuela marka: 58 gradu erregistratu zituzten 1922ko irailean. Duela hiru urte, baina, baliorik gabe utzi zuten datua, «formazio gabeko» behatzaile batek interpretazio okerra egin zuelakoan. Tenperatura hotzena, berriz, Antartikan dute erregistratua, 1983ko uztailean: 89,2 gradu zero azpitik.

Bost, hogei edo berrogei gradu, gurean eguraldiaz aritzea ez da nobedade. Ona edo txarra, beti da (eta izango da) hizketarako gai eta kexatzeko motibo: lehor aldian euri eta bustialdian eguzki, eskean beti.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!