Aka(h)atsak

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2015eko ekainaren 14a

Ez da berdina ate bat ahaztea edo ahate bat haztea. Hari bat leiho bati lotzea, edo ahari bat lehoi batekin elkartzea. Zerbaiten esanahia edo zerbait esan nahia. Ikastea edo hik hastea. Aitatasun baimena edo aita (e)ta Asunena.

Eskola garaian berridatzi behar izaten genituen diktaketetan gaizki egindakoak. Lengua-ko klasean, orria gorri izaten zuen bigarren ilaran esertzen zen ile kizkurdunak: azterketaren nota bostaren inguruan, eta zerotik gertu akats ortografikoak kontatuta. Vaina baina-rekin nahasten zuen, eta había txorien habiekin.

Hamar bat urte besterik ez dira pasatu klase haietatik, baina dezente aldatu dira idazteko moduak ordutik. Mezu eta sare sozialetan ia arraro egiten dira letra guztiak eta dagokien tokian dituzten esaldiak; hitz egiten den bezala idaztea normaltzat hartzen da: hitzak laburtzen dira, eta hizkuntzak nahasten. Komunikazio azkarra. Har daiteke hori gertukoagotzat, naturalagotzat. Nork eta non aldatzen direnean, ordea, naturala ustel bihurtzen da.

Ezjakintasunak baino gehiago, arreta faltak sortzen du askotan akatsa. Gazteleratik euskarara egiten diren itzulpen okerrak aparte utzita, ez ote dira despiste gehiegi gertatzen ari. Denbora tarte laburrean badira batzuk: pantailan Parot doktrina Doctrina Parto bihurtzen da, eta hildakoari azken Egurra ematen diote, bere agurrean. Pasatu berri diren hauteskundeetako programetan ostalalariei laguntzea hitzeman dute batzuek, proiektu berrriak martxan jartzea besteek, eta baita azoetan bilera gehiago egitea ere. El Sol publizitate jaialdia irabazi berri duen loteriaren iragarkiak ere akatsa du: Antonioren tabernako kristalean, eguneko menuan.

Ordenagailuko zuzentzaile automatikoenganako gehiegizko konfiantza izango dugu igual. Eskuz idazterakoan ez dago halakorik, zori txar edo onez, ez paperean, ezta arbelean ere. Paretan bai, automatikoegia ez izan arren. «Ortografia-bandalismoaren kontrako heroi anonimoek» gaizki idatzita dauden graffitiak zuzentzen dituzte kalean. Latinoamerikan sortu zen mugimendua, eta Madrilen ere badabiltza komak, azentu-markak eta galdera ikurrak jartzen eta kentzen. Euskal Herrian, momentuz, akatsak dituzten pintaketak biltzen hasi da H28 euskarazko aldizkari satirikoa: E.T.A Bucaera eskatzen du apirilekoak.

Norberaren esku eta borondatean dago, beraz, zuzen, ulertzeko moduan, akatsekin edo suomieraz idaztea. Jakin ala ez, Amaia lagunak beti erantzuten dio berdin galderari:

- Hau nola esaten da, hola edo hola?

- Esan nahi dezun bezela esan dezakezu, gero ia ondo zein daon…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!