Infernu ederrak

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2015ko api. 19a, 10:00

Justu etxetik atera behar nuenean telefonoak jo du eta gero igogailua ez zetorren eta oinez jaisterakoan konturatu naiz kotxeko giltza ahaztu zaidala eta berriro igo naiz baina ez nuen etxeko giltza aurkitzen eta gero semaforo guztiak gorrian eta gainera ezin nuen aparkatu'. 

Seguru zuk ere ezagutzen duzula aitzakiak jartzen abila den norbait. Norbait hori zu zarela ere pentsatzen egon daiteke norbait orain.

Herri txikietan bizi gara, denok edo ia denok ezagutzen dugu elkar baten edo bestearen bidez, eta ez da arraroa gauean pasatakoa herrian zabalduta egotea eguna argitzerako. Tartean aitzakia eta gezur batzuk sinesten dira oraindik. Zailagoa litzateke Whittierren (Alaska) biziz gero: herriko 218 biztanleak hamalau solairuko etxe batean bizi dira. Biztanle guztiak eraikin berean. Goiko zatian, bizilagunen pisuak daude, eta beheko partean alkatearen etxea, komisaria, ospitalea, eskola, bideokluba... Base militar izandako eraikin bat, mendiaren eta itsasoaren artean. Paraje ikusgarria izan behar du, eta badirudi hala dela: kruzeroan iritsitako 700.000 bisitari hartzen ditu udan.

Zaila da imajinatzea nola izan behar duen bizitzak eraikin horretan. Gogorra izan behar du komunitateko presidente izatea. Eta igogailua hartzea? Birusen bat badago kolapso ziurra ospitalean, eta kolapsoa eraikin osoan. Lapurreta edo suteren bat egon bada, denak kaltetu. Inguruak ere kurioso itxura du. Tunel batetik sartzen da herrira, errail bakarra du joan eta etortzeko, eta 22:30etik goizaldera arte itxita dute ibilgailuentzat. Aldameneko herriko zinemara joaten direnean pelikulen iraupenari adi begiratzen omen diote, itzultzeko denbora emango dien edo ez ikusteko.

Herri bitxia bai, baina txikia, konparatzen denaren arabera. Biztanle bateko herriak ere badira. Bizilekuz aldatu berri den lagun bat hasi zitzaidan azaltzen herri oso txikia zela orain bizi dena, jatekoak erosteko badagoela, baina gauza gutxi gehiago. Nahiko lukeela handiago batera mugitu. Albiztur edo Leabururen tamainako toki bat imajinatu nuen. Ia Tolosa adinakoa da, ordea. Normala 70.000 biztanleko hiri batean jaio eta 300.000ko beste batean bizi izan den batentzat. Ez dakit zer esango duen bisitan badator.

Albisteetan bitxikeria bezala eman dute: Japoniako irla batean 20 biztanle bizi direla, eta herritarrekin batera 120 katu. Guk ez dugu eskualdetik mugitu behar hori gainditzeko, Herri txiki infernu handi saioan ikusi bezala. Berastegi, mila biztanle inguru, pertsonako bost bat ardi, eta herrian bertan irla bat. Herri txikiak infernu badira, Whittierreko etxeak sutan behar du dagoeneko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!