Lekukoaren lekuko

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2015ko mar. 15a, 11:35

Larunbata. Lehen tabernan, bi lagun. Hiru metxero, baina bat bera ere ez da pizten. 

Bezperan erositakoa ezin aurkitu. Haiengana hurbildu eta hasi zaizkigu kontatzen zenbat metxero «ezezagun» pasatzen zaizkien eskuetatik; asko eta askotan erosi arren besteenekin etxeratzen direla (ia) beti. Kamera bat jarri beharko litzaiekeela, nondik atera eta non lur hartzen duten ikusteko. Ideia ona izan daitekeela bai, baina praktikara eramatea ez dute oso erraza ikusten. Arrazoi. Gutxienez hamar hiri bisitatzera hel daiteke metxero bat; Hotel Tivoli filma horren erakusle. Fikzioa ez da errealitatetik horren urruti ibiliko.

05:33ak aldera gertatzen direnak grabatzeko ere baliagarriak izan litezke kameradun metxeroak. Sekretuak eta gaizkileak ordu txikitan; ezkutuko zitak, lapurretak, erasoak. Kasu batzuetan, ordea, ez dira beharrezkoak ere. Bartzelonan gertatu denarekin ikusten da egileak berak salatu dezakeela bere burua, kanpokoek zelatatu gabe. Lagunak neska bati ostikoa nola ematen zion grabatzera ausartu da gazte bat. Ekintza txalotu eta barre egitea gutxi balitz, sare sozialetara igo dute bideoa, munduak ikus dezan zertarako gai diren. Eta ikusi du. Sare guztietatik bere argazkiak ezabatzen ahalegindu arren, jendearen kolaborazioak erasotzailea identifikatzen lagundu du. Beranduegi.

Berastegitik eta Añarbetik ere iritsi dira azken egunetan irudiak, euria gorabehera. Añarbeko urtegian kamerak jarri dituzte ur maila kontrolatzeko, baina etxea urez bete zaienei ez die askorako balio izan. Azken 34 urteetako otsailik euritsuenari zer eskatu. Ez dezala halako martxorik ekarri.

Badator teknologiarekin negoziorako aukera ere. Kamerak, sakelakoak eta halakoak saltzen dituen multinazional ezagun baten kanpaina zeresana ematen ari da Interneten. Entzumen arazoak ditu Muharremek, eta «oztoporik gabeko mundu bat» prestatu dute harentzat, egun batez. Istanbulen, kamerak jarri dituzte denda bateko fruten artean, kamerak motxilan, eskumuturretan. Hilabetez keinu hizkuntza ikasten aritu dira hainbat bizilagun, eta kasualitatea diruditen gertaeren bidez, keinuekin komunikatzen da harekin jende guztia: kafetegian, kalean, taxian… Publizitate pieza bat baino gehiago izan da Muharrementzat, haren malkoak lekuko.

Korrika laster izango da Tolosaldean. Hala iragartzen dute paragrafo bakoitzeko lehen hitzek. Metxeroak istorioen lekuko izan daitezke, kamerak gauenak, euriteenak, malkoenak. Hilaren 21ean beste lekuko bat datorkigu Urepeletik, Bilboraino eramateko. Hor dugu lekukoaren lekuko izateko aukera. Euskahaldun izateko. Goiz jaikitzeak mereziko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!