Afrikako Kopan gertatu zen, 2008an. Aurkari ziren hainbat taldek zalantzan jarri zuten mutila edo neska ote zen, eta konfederazioak modurik krudelenetako bat aukeratu zuen hori egiaztatzeko: konfederazioko langileen eta bere taldekideen aurrean biluzarazi zuten. Haserre eta negarrez egin zion kasu aginduari; «umiliagarria» izan zen.
Patxi Izko Osasunako presidente izandakoak ere hedabide batean egin zuen aitorpena. Futbolean aritzen diren nesken kontra hustu zituen barrenak, eta lasai geratu. «Nesken futbola antiestetikoa da; emakumeentzako egokiagoak diren kirolak daude». Hori esan ondoren, ez omen zuen «arazorik nahi…». Hobe luke taldeko diruak ondo kudeatzeaz arduratu izan balitz.
Kasu zehatzak dira. Testigantza gogorrak eta adierazpen polemikoak. Kirol jarduna bera ere, ordea, kasu zehatzetan azalerazten da, emakumeei dagokienean. Hala dio Jaurlaritzak pasa den astean aurkeztutako txostenak: aztertutako 15.316 berrietatik 760 bakarrik dira emakumezkoen kirolari buruzkoak. Hamar egunkari, eta ondorio bat: emakumeen kirolari ematen dioten arreta desegokia eta selektiboa da.
Sagardogile batek duela gutxi esan zidanez, sagardotegi garaian bakarrik gogoratzen gara komunikabideok haietaz, nahiz eta beraien lana urte osokoa izan —eta badu arrazoia-. Neskak ere, txapelketa jakin batera sailkatu direlako edo beste hartako finalera iritsi direlako atera ohi dira. Bera Bera taldearekin ikusi dugu azken asteetan -eskubaloia da, hain zuzen, hedabideen artean arreta handiena duen jarduna-. Pasa den igandean Kopako finala jokatzen ari zen momentuan, hala ere, Realaren partidaren kontakizuna gehienetan aurretik…
Igande hau ere apartekoa izango da, aldarrikapen eta guzti. Baietz 3.000 emakume baino gehiago aurkitu igandeko webgune eta asteleheneko egunkarietan.
Oharra: aurreko zutabea irakurri zutenentzat, Aprilek erantzun du. Blokeoak hor jarraitzen du. Dioenez, egoera duela hamar urte baino hobea da. «Ironikoa da, baina ezingo nizuke esan zertan hobetu den», dio. Triste begiratzen dio inguruari. Gehienak horrela bizitzera ohitu direla ikusten du, dutenarekin nahikoa dutela. Bera badoa: martxoan Kenyan izango da.