Ahal edo nahi izatea

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2015ko urt. 25a, 12:00

Duela hiru urte egindako bidaia batean ezagutu nuen April. Lehen aldiz elkartzen den talde handi bateko aurkezpen tipikoa izan zen hasierakoa: izenak, urteak, jaioterriak, lanbide-ikasketak... Ezer gutxiago esan genion elkarri. Hurrengo egunean, autobusetik jaitsi orduko aldamenera hurbildu zitzaidan. Kazetari nenbilela eta, inork ordura arte (eta orain arte) erakutsitako interesik handienarekin hasi zitzaidan galdezka.

Inbidiaz aitortu zidan nire lekuan egon nahiko lukeela. Kontatu zidan arteari lotutako ikasketak egin ondoren, kultura aldizkari batean idaztea gustatuko litzaiokeela, baina momentuz ez zuela horretarako aukerarik eduki. Kontatu zidan gobernuaren kontrolak asko zailtzen zuela prentsan libre lan egitea, erabat, eta muga horretatik ihesi sortu zitzaiola Txina utzi eta atzerrira joateko nahia. Ingalaterran zebilen ikasketak osatzen, eta aurrerantzean ere herrialdetik kanpo bizitzen jarraitzeko asmoa zuen.

Azken egunetan adierazpen askatasunaz eta haren mugez egin diren hainbat hausnarketa entzunda, Aprilekin gogoratu naiz. Mezu bat idatzi nion duela egun batzuk, Txinara itzulita zer moduz dabilen jakiteko. Esana zidan postaz edo sare sozialetan idazteko arazoak zituztela batzuetan, eta, beraz, ez nuen (berehalako) erantzunik espero. Baina astebetez sarrera ontziak hutsik jarraitzen zuela eta, Interneten bila hasi nintzen (Aprilek egin ahalko du halakorik gutaz jakin nahi badu?).

Irakurri nuen Googlek hainbat zerbitzu blokeatu berri dituela -posta elektronikoa, adibidez-; Twitter eta beste zenbait sare sozial ere ezin dituzte erabili. Panorama ikusita, Aprilen erantzuna jasotzeko aukera guztiz baztertu nuen.

Lerro hauek idazten hastera noala, ordea, 1 zenbakia agertu zait posta kutxan. Ez dakit nola edo nondik bidali duen, baina bera da. Ondo dagoela dio, eta sakelakotik idaztea deserosoagoa zaionez, geroago idatziko didala ordenagailutik. Oraindik ez dut haren bigarren mezua jaso, eta pena da kontatuko dizkidanak hemen ez jartzea (aurrerago aipa ditzaket agian).

Pena handiagoa da lagun baten mezua jasoko ote duzun ez jakitea, haren erabakitik kanpo dagoen debeku bat tarteko. Bitartean, Whatsappeko tick-ak bilakatu dira askoren buruhauste. «Bakarra agertzen da oraindik; hara, orain bi, baina ez daude urdinez. Listo, jaso du nire mezua, irakurri du eta ez dit erantzuten. Lau minutu dira irakurri duela eta ezer. Zergatik ez dit erantzuten? Ez du nahiko?». Zenbatetan entzun dugu nahi bada ahal dela; Aprilek esango lidake beti ez dela horren erraza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!