Joan nintzen gero Maxiko arrandegira. Zenbakia hartu eta hamabi lagun nituen oraindik aurretik. Txanda iritsi bitartean, gosaritarako janak dauden pasilloan nenbilen. Biloba amonari hirugarren apala seinalatzen ari zitzaion, «Esnea galletekin dagosalt» esanez. Erreguka erdi negarrez ari zitzaionez, gaizki ulertu nuela pentsatu nuen, eta kamisetan letra ilunez jartzen zion Damola marrazki bizidunen bat izango zela.
Baina ez. Ez ziren gaizki ulertuak. Azken aldian ugaritzen ari dira aditz trinkoak. Gero eta gehiago. Hor dabil Aditz Trinkoaren Erret Akademia (Trinkotzaindia) hitzen fabrikante, eta hor dabiltza erabiltzaileak Twitterren # ikurraren aldamenean osagaiak gehitzen.
Asteburuan Durangon egin genuen topo haiekin. Dazokat argazki lehiaketa izan dute martxan, eta Datsegit, daflipat, dazokat kartela zebilen han inguruan. Eta hori ikusita, esplika iezaiezu Azokara animatu diren Caceresko bi anai-arrebei zertaz doan trinkoen kontua, irribarre batekin kontatzen dizuten bitartean Marijaiaren abestia kantatzen dutela herrira bueltatzean, eta ordenagailuko pantailaren azpian amaren euskal izena apuntatuta dutela, Skypez deitzen dienerako prest izateko.
Trinkoen moda gora eta behera, Kike Amonarriz Mona Lisaz jantzita ikusi genuen. Azken Txorakikeriak txiste sortaren azala beste hainbat libururen artean zeukaten salgai. Eta orduan gogoratu nintzen Ataria-ren Euskararen Printzak irrati saioan esan zituenez. Tolosan euskaraz idatzitako lehen hitzaz aritu zen Amonarriz; udaletxeko idazkariaren kontra idatzitako bertso batzuetan topatu zuten.
Ia laurehun urte pasatu dira ordutik. Euskaltzaindia sortu gabe zegoen oraindik, baita Trinkotzaindia ere. Akademia bakoitza bere adarretik aritu da lanean, eta gainerakoak hizki zopetan, adarra jotzeko – edo adarrak jartzeko- hitzen bila. Horiek guztiak sortu aurretik, ordea, adarkada fina ematen jakin zuten idazkariaren kontrakoek bertsoetan. Adarrek 1619tik darraite Tolosan; aspaldiko kontuak, baina ez horren urrunekoak.