Azterketa soziologiko baterako hartu dituzte gozokiak orain. Mundu osoko litxarrerien mapa osatzeko asmotan, martxan jarri dute Candy Project –Mugaritzeko Andoni Luis Aduriz sukaldaria eta Iñaki Martinez de Albeniz EHUko soziologoa ari dira bildumarekin lanean–. Proiektua hasierako fasean badago ere, kuriositatea pizten duten bitxikeriak badira. Gozoki handienetan handiena, AEBetan, bost kiloko hartz itxura duena; gozoki pikanteak salgai daude Mexikon; arrain zaporekoak, berriz, Japonian.
Litxarrerietatik aparte, halako antzeko nahasketak ez zaizkigu horren ezezagunak egiten inguruan: urrutira joan gabe, izozki itxuran har ditzakegu txipiroiak tintan, bakailaoa pil-pilean, piper gorriak, urdaiazpiko iberikoa… Unibertsitate garaiak ziren Bilbon, eta apustu bat tarteko, han joan ginen hiru lagun izozki denda ezagun batera, galdu izanaren saria jasotzera. Zorionez –edo, zortearen eskuetan utzi genuen aukeraketa: kalimotxo izozkia gutako birentzat, eta Idiazabal gazta intxaur eta irasagarrarekin bestearentzat. Txar-txar-txarrak zeudenik ezin esan, baina ezta bukatu genituenik ere.
Candy Project-ekoak ere litxarreriek gastronomiarekin duten lotura aztertzen ari dira. Baita ekonomiarekin dutena ere, haur askok diruarekin duten lehen harremana hortzen eta hartzen dendan gertatzen baita. Diru trukea ere izaten da askotan: metalezko txanponak utzi, eta bueltan txokolatezkoak hartu.
Txokolatezkoa dirudi igandean Behobian (eta Donostian) egondakoei emandako bukaerako gozokiak: kolkoan eramateko 50 urteko urrezko galleta. 26.000 korrikalari baino gehiago ordu, minutu eta segundoen menpe. Marka hobetzeko esperantzaz batzuk; eta markarik gabe, iriste hutsarekin podiumeko eskailera altuenera igotzen direnak.
Errepide bazterretatik «gutxiago gelditzen da» entzuten da lehen kilometroetan; «aupa gazte» oihuak herriguneetan, eta «benga moreno!» animoak lasterketa uzteko puntuan dabilen horrentzat. Eta hauspoa hiperaktibo daukazunean, glukosa txuterik onena ematen dizute: bi kandela Mirakruz gainean, sufrimendua bukatzear dela edadetzen ari zarela gogorarazteko. Oianak, Nabilek eta Sarak, behintzat, zail izango dute aurten egindako marka hobetzea.