Kolore, kolore

Erabiltzailearen aurpegia Maite Alustiza 2014ko urr. 19a, 16:03

- Aiba, ze polita; berria, ez?

- Bai, gustatzen? Ba esan diate lesbianen kolorekoa dala…

- Polita da

- Bai bai, baino…50 urte baino gehiago ta ni zer nitzan enteratu gabe…

Asto urdinak eta txakur gorriak existitzen dira. Eta ez daukate goiko pertsona horiekin zerikusirik. Alde Zaharreko kale iskin batean entzundakoak dira orain gutxi, bizkarrez —lastima-. Eszena osotasunean ikusteko gogoz geratzen da bat, nor-nori-zer ikustekoa. Kolorea ikustekoa.

Koloreak ditu kulturak, politikak, hizkuntzak. Zuria erabiltzen dute Txinan, Japonian edo Indian dolua erakusteko; gurean, berriz, Caja Madrideko txartelak bezain beltza da. Txartel horiek eskuan eduki —eta erabili- dituztenek ez dakite pasarlas moradas zer den. Beltzak eta gorriak ikusi dituzte, baina ez gaizki pasatu izanagatik. 3.547 euro kolpez ardo eta vodkatan, golf klubak, hotelak, bidaiak... Ilea urdinduta izanda ere, burua zuritzea zail izango dute Ratok eta konpainiak. Oro ez da urre.

Ze ezberdinak izan daitezkeen koloreak eta esanahiak. Ze ezberdina izan daiteken zuri bat edo bestea. Bakea eta usoa ezagunenen artean; garbitasunaren irudi ere bada. Paper zuri bat zer da berez? Ezer gutxi dioen zerbait. Baina, kasu askotan, orri zuri batek bete batek baino askoz gehiago lor dezake. Hilabete gutxira ditugu udal eta foru hauteskundeak, eta ez dezagun ahaztu eskualdean boto zuriek izandako protagonismoa. 2011, Aduna: 300 bototatik 287 zuri, eta PPren hautagaitza bakarrak 12 besterik ez. Irura, 2003-2007: ilegalizazioak, boto zurien eta baliogabeen gehiengoa, eta udala aurreko alkatearen esku.

Txikitatik ikasi eta barneratzen ditugu. Zenbakiekin batera lehen klase egunetan hasten gara ikasten; eskolan, etxean eta baita hortik kanpo ere. Merezi du Amerikako zenbait herrialdetan arrazismoaren inguruan egin duten kanpaina ikustea. Bi panpina jarri dizkiete umeei aurrean: bata azal zurikoa da; bestea, beltzekoa. Panpina beltzak “gaiztoak— eta “itsusiak— dira Mexikoko kanpainan parte hartu duten haurrentzat; zuriak, berriz, “onak—. Zergatik? Ez dute zalantza egiten: batek dio azal zurikoak “begi politak— dituelako dela; beste batek, “kafe kolorea— gustatzen ez zaiolako. Zalantza gehiagorekin erantzuten dute, ordea, beraiek noren antza duten galdetzen dietenean. Berdin Txilen, Guatemalan… ikustekoa litzateke gertuagora ekartzean.

Negua ez dago urruti, eta kolore ilunagoak janzteari helduko diogu ziurrenik, hotza iristearekin batera. Bitartean, asto urdinak (grisak) eta txakur gorriak (gaztaina kolorekoak) belaze eta zelaietan egongo dira orain arte bezala, negu gorrian, larru gorritan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!