Esan gabe doa azken urteetan mundu mailako politikaren kalitateak beherakada itzela izan duela, baita Espainiako Estatuan ere: horren adibide argia dugu pasa den Autonomia Erkidegoko Presidenteen Bilkura eta, orobat, haren harira Madrilgo Erkidegoko Presidenteak, Isabel Diaz Ayusok berak, bertan izandako jarrera. Haren harira, plazaratu berri du Madrilgo Batzarrean, ekainaren 19an, zera dela «tentela» izatea: «Juan izena izatea eta Euskal Herrian Jon izenez deitzeko eskatzea».
Batetik, ezer gutxi gehiago dut esateko Diaz Ayusok karikatura egiten duen jardun politikoaren inguruan, non burlaz diharduen euskaldunon diglosiaz bezainbatean —ez ote da izango, bada, elebidunak tenteltzat hartzen dituen lehena?— Bestetik, aldiz, azpimarratu beharra dut arazo larriagoa dugula esku artean Estatuko biztanleok, mehatxu larria baitira Zuzenbideko Estatuaren bermerako horren maite duten aipatu gobernaria, haren tankerako gainontzeko politikariak eta euren hautesle amorratuak. Gogoratu beharra dugu, ezinbestean, irakurri ditugun Diaz Ayusoren hitzok Espainiako Estatuko ustezko izaera plurinazionala ukatzeko bide izan direla, eta Arnaldo Otegik soilik ez ezik —Madrilgo buruak dioen moduan—, 1978ko Espainiako Konstituzioak berak horixe bera bermatzen duela, Atariko Tituluko 2. artikuluan: «Konstituzioak aitortu eta bermatu egiten du Espainia osatzen duten nazionalitate eta herrialdeen autonomia-eskubidea, bai eta horien guztien arteko elkartasuna ere». Beraz, nor ala nor erresumintzen bada ere, egun Estatuan elkar bizi garen nazio guztion existitzeko eskubidea ekintzez defendatu beharra dago, legeak hala esanda, aipatu Zuzenbideko Estatuak biziraungo badu —baita herritar guztion eskubideak gorpuztuko badira ere—.
Hori gutxi balitz bezala, oraindik ere badago zer plazaratu euskaldunon aurkako eraso horretan guztian ere. Izan ere, The Economist Group ikerketa-erakundeak horrela ezaugarrituta, gobernu eta politikari autoritarioen oinarrietako bat da herrialdeko Konstituzioa bera edota bere oinarriren bat ukatzea, baita beste liderrak arrazoirik gabe gutxiestea eta euren zilegitasuna zalantzan jartzea ere, Democracy Index proiekturako metodologiari erreparatuz dakusagun eran. Ondorioz, nabarmentzekoa da euren ideal diren askatasunerako eta demokraziarako mehatxua eurak berak direla, demokraziak ez baitiria estatu-kolpeen bitartez suntsitzen —adibide diren autoritarismoaz higituz, baizik—.
«Guztion elkarbizitza zapuztera, gure arteko lehiak sortzera eta beldur politikoa ezartzera etorriak dira horiek guztiak, eta geure buruzagi bihur daitezen ekidin beharra dugu, nola edo hala»
Gauzak horrela, esan beharra dut aipatu lider populistak direla guztion bizimodua suntsitzen dutenak —bai Euskal Herrian, bai Espainian, baita mundu osoan ere—, eta ez, aitzitik, euskarazko deiturak edota instituzio politikoetako hizkuntza-aniztasunak. Guztion elkarbizitza zapuztera, gure arteko lehiak sortzera eta beldur politikoa ezartzera etorriak dira horiek guztiak, eta geure buruzagi bihur daitezen ekidin beharra dugu, nola edo hala. Diaz Ayuso andereak ustez defendatzen duen sistema politikoa ez da bateragarria bere diskurtso eta ideologiarekin, eta nik, behintzat, lotsaz ikasiko nuke hogei urteko gazte tentel baten iritzi-artikuluaz zertan datzan demokrazia bera, hein batean. Ni neu, bederen, harro nago Jon edota Maitane izateaz, eta zeharo eskertuko nuke inoiz ere ez Isabel bihurtzea.